Minbizia pairatu dutenek aurrerantzean ez dute diskriminaziorik jasango Hego Euskal Herrian, aseguru bat kontratatzeko orduan. Espainiako Gobernuak onartutako errege dekretu baten arabera, minbiziaren aurkako tratamendua amaitu eta bost urtera, gaixotasuna jasan dutenek ez diete haien aurrekari onkologikoen berri eman beharko aseguru etxeei, bizi aseguru bat eskatzeko garaian. Horrela, «debekatuta» geratuko dira minbizia jasan dutenen eta gainerakoen arteko bereizketak, aseguru kontratuak egiteko orduan. Neurri berri horren bidez, Espainiako Gobernuak garatu egin du ahanztura onkologikorako eskubidea. Lehen pausoa maiatzaren amaieran eman zuten; ordutik, minbizia jasan duten lagunek gainerakoen eskubide eta betebehar berak dituzte gidatzeko baimena berritzeko orduan.
Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde Nadia Calviñok eman du neurriaren berri, eta nabarmendu du minbizia pairatu dutenak ezingo dituztela baztertu aseguru etxeekin egindako kontratuetako klausuletan, baldintzetan eta hitzarmenetan. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsaren Lege Orokorra erreformatu dute neurria indarrean sartzeko. Europako Parlamentuak erabakita, 2025erako Europako Batasuneko estatu kide guztiek aitortu beharko dute ahanztura onkologikorako eskubidea; minbiziaren aurka borrokan dabiltzan elkarteen aspaldiko aldarrikapena da.
Duela hilabete eman zuen lehen pausoa Espainiako Gobernuak. Gidarien Araudi Orokorraren erreformaren eraginez, minbizia pasatu duten herritarrek gainerako herritarren eskubide berak dituzte gidabaimena berritzeko: haien adinari dagokion maiztasuna izango da berritzeko irizpide bakarra. Ordura arte, minbizia pasatu duten pertsonek hiru, lau edota bost urtetik behin berritu behar izaten zuten autoak gidatzeko baimena; haien adinari zegokion baino maizago kasu askotan.