Frankismoko krimenak. Servini epailea Euskal Herrian

Ahaztuen oinazea, iltzatuta

Egia eta justizia eske, Kaltzada neba-arrebak Servini epailearen zain daude: aita fusilatuta hil zieten, eta Julen espetxean ere izan zutenArgentinako epailea gaur iristekoa da Euskal Herrira; testigantzak jasoko ditu hiru egunez

Elisa eta Julen Kaltzada, baserri ondoko zuhaiztian. Serviniren aurrean asteon deklaratuko dute. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Oihan Vitoria.
Busturia
2014ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Ez zaie arrotza iragana gogora ekartzea. Umorez, baina jasandakoaren gordina leundu gabe mintzo dira. Berba argiak dituzte. Ziurrak. Aho bizarrik gabeak. Bizitako pasarte bat bera ere ez dute ahantzi. Arantza bat dute sartua: justizia. Justiziarik eza. Frankismo garaian jasan zutenaren gainean ez dela justiziarik egin, ez dela egia aitortu, ez dela kaltea erreparatu. Nekea sumatzen dute, «borrokan» ibiltzearen nekea. Elisa eta Julen Kaltzada. Nekatuta daude, baina itxaropentsu, betiko itzalita ziruditen argi printza batzuk piztu baitzaizkie. Maria Servini Argentinako epailearen aurrean deklaratzekoak dira asteon.

Gaur da Bilbora iristekoa Servini epailea. Asteazkenera arte egongo da Euskal Herrian, eta Espainiara joango da ondoren. Lekukotasunak biltzeko asmoarekin egin du bidaia; edadekoak dira kereilan aurkeztu direnetako asko, eta ezin izan dute Argentinara edo Madrilera joan jasandakoaren lekukotasuna ematera.

Testigantza gogorrak entzungo ditu Servinik. Oilo ipurdia jartzeko moduko esperientziak pilatu dituzte Kaltzada neba-arrebek. Busturiako (Bizkaia) Etxebarri-Atze baserrian jaio, hazi eta heziak. Lau belaunaldi pasatu dira baserritik. Alde batera, Sollube; bestera, Urdaibaiko itsasadarraren sorlekua. Hura dute bizitoki oraindik ere kaltzadatarrek. Ez dute bizitza samurra izan. Elisak 8 urte zituela, frankistek aita hil zioten, fusilatuta, Derion (Bizkaia). Atzo izan balitz bezala oroitzen du Elisak, nahiz eta orain 84 urte izan. «Busturiako sei lagun exekutatu egin zituzten, heriotza zigorra ezarrita. Errurik gabe». Ume koskor bat ere ez zen Julen. Entzunda jaso du dakien guztia. 2 urte zituen. 79 egingo ditu aurten.

Beldurra zabaltzeko nahia

Doroteo Kaltzada zen aita. Errepublikaren kontra altxatu ziren frankistak 1936an. Urtebete geroago sartu ziren Busturian. Udala desegin, eta batzorde kudeatzaile bat eratu zuten. Doroteo ezkutatu egin zen, baina, inori ezer txarrik egin ez ziolako, etxera itzuli zen astebetera. «Oso bizkor gertatu zen dena», gogoratu du Elisak.

Ekainak 21. Senideen ondora itzuli zen Doroteo. Zinegotzi ohia zenez, udaletxera joan zen; batzorde kudeatzaileko kideek herriko hamabi lagunen aurkako salaketak zituzten ordurako. Tartean zegoen. Zortzi egunen buruan, San Pedro egunean, meza ondoren, atxilo hartu zituzten.

Uztailak 18. Epaiketa. Zinegotzi izan zirela, EAJko edo Izquierda Republicanako ordezkari zirela eta gazteak errekrutatu zituztela egotzi zieten. Baita lapurretan aritzea eta propaganda egitea ere; espainiarren kontra hitz egitea leporatu zieten. Bederatziri heriotza zigorra ezarri zieten; beste hirurei, bizi osoko espetxe zigorra.

Abuztuaren 5ean fusilatu zituzten sei. Sei andre alargun eta hamazazpi umezurtz geratu ziren Busturian. Ezinegona eta negarra. «Gupidarik gabe garbitu zituzten, inguruan beldurra zabaltzeko. Atera kontuak…». Hil eta hamar urtera atzeman zituzten aitaren hezurrak, Derion, arropa eta hortzetako aztarnen bitartez.

Egia, justizia eta aitortza eskatu dute: «Epaiketa baliorik gabe lagatzea eta deliturik egin ez zutela aitortzea gura dugu. Ez ziren errudunak, eta hala direla sinetsarazi nahi digute. Errurik edukitzekotan, fusilatu zituztenek izan beharko lukete. Ahal den neurrian kalte-ordainak jasotzea espero dugu», nabarmendu du Julenek. Gerrara joan, eta bueltatu ez zirenak ere gogoan hartu dituzte. Desagerrarazien zerrenda argitara ateratzea galdegin dute. Eskaria egina dute lehen ere, baina ez diete kasurik egin. «Espainiako Gobernuak ez du ezer egin orain arte. Ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen ari da. Erantzukizunak hartu beharko lituzke».

Kalte-ordainen gaia atera delarik, Elisak gogoratu du ordaindu egin behar izan zutela aita hil ondoren. Barre algaraz gogoratu du, nahiz eta mingarri izan. «Ez zituzten edozelan fusilatu: pentsa, 1941ean, urte batzuk lehenago fusilatuak izan zirenak 250 pezeta ordaintzera zigortu zituzten. Hilda egonik ere, guk egin behar genion aurre kostu horri. Bizirik atera zirenek, berriz, 2.000 pezeta inguru pagatu behar zituzten».

Normaltasunez kontatzen dituzte horrelako ibilerak. Ohituta daude, ohitzerik bada. Hainbat gertaera oroituta, baina, tripak nahasten zaizkie. Begiak umelduak dituela, Elisak dio hil eta 30 urte igaro ziren arte ez zietela utzi ez omenaldirik ez hileta elizkizunik egiten, legez kanpokoa zela argudiatuta. «Gogorra da omenaldi xume bat egiteko aukera ukatzea». 1967ko abuztuaren 5a egun berezia izan zen fusilatuen ahaideentzat. Lehen «garaipena» erdietsi zuten: ageriko meza agindu eta ospatzea. Dena den, 50. urtemugara arte ez zuten lortu fusilatuen aldeko oroigarri bat jartzeko baimena. Añetu mendian dago orain. Urtero-urtero omenaldiak egiten dituzte han.

«Ez zaie interesatzen»

Edonola ere, eta kolpeak asko eta krudelak izan diren arren, indarrak bildu dituzte bide aldapatsu horri aurre egiteko. Itxaropenez begiratzen diote Servini epailearen bisitari. Urrats «izugarria» delakoan daude, eta oihartzuna lortzen ari direla diote. Argentinatik abiatutako bidea ezerezean ez geratzea espero dute: «Zaila izango da, baina ea zerbait lortzen dugun. Baikor gaude, besterik ez zaigu geratzen eta». Zerbait lortuta, txikia izanda ere, aise poztuko lirateke Elisa eta Julen. Alabaina, lotsagarritzat jo dute Argentinako epaile bat Euskal Herrira etorri behar izana frankismoko krimenak ikertzera. «Horrek erakusten du hemengoek ez dutela asmorik mugitzeko. Ez zaie interesatzen. Frankismo garaiko ideia berak indarrean daude oraindik». Akaso PPren gobernuak kontua atzeratzea lortuko duela iritzi dio Julenek, baina ziur dago haien jarrera ez dela ahanzturan eroriko: «Franco baino okerrago geratuko dira historian. Inork ez die sinesten zuzen jokatzen ari direnik. Halako kasuei izkin egiteko joera daukate».

Frankismoaren kontrako adierazpena egin zuen apaizetako bat izan zen Julen. Tratu txarrak salatu ditu. Preso eduki zuten Zamorako apaiz espetxean; Burgosko prozesuan epaitu, eta hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. ETAri laguntzea leporatu zioten. Hamaika gose greba egin zituen kexua entzunarazteko. Tratu desegokia jaso zuela adierazi du: «Kontrola erabatekoa zen. Mehatxu egiten ziguten berba egin genezan. Ugariak ziren horrelako jarrerak. Jazarpena izugarria zen». Gehiegikeriak ikusi zituen, baina argi utzi du tortura fisikorik ez zuela pairatu, garai hartan «ohikoa» bazen ere.

Franco hil ondoren utzi zuten libre Julen, 1976ko amnistiarekin. Etxera iritsi zeneko momentua ez du sekula ahaztuko. Iltzatuta dauka buruan. Ahots apalarekin eman ditu azalpenak: «Guardia zibilez josita zegoen baserria. Barraskiloak harrapatzera etorri ziren. Urdaibaiko itsasadarrera ere gerrako itsasontzi batekin sartu ziren. Izugarria izan zen. Antzerki hutsa. Gu zaintzera bidali zituzten. Ama ere orduantxe hil zitzaigun. Kolpe latza izan zen hura». Minak ez du atzera bueltarik. Egiaren eta justiziaren itxaropena, baina, ez dute galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.