Euskal Herriko ia alderdi politiko guztietako emakumeak bakearen eta normalizazioaren alde batzea lortu zuten Ahotsak ekimenak lanean jarraitzen du azken hilabeteetan giro politikoa asko zapuztu den arren. Hala adierazi du ekimenaren sustatzaileetako bat den Jone Goirizelaiak. "Jarraitzen dugu. Nolabait esateko, desagertu gara medioetatik, baina lanean jarraitzen dugu", adierazi du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.
"Hainbat lekutan sortu ziren tokian tokiko Ahotsak taldeak eta horiek lanean ari dira; emakume horiek lanean ari dira. Gure asmoa da hori sendotzea eta hortik aurrera edo hori abiapuntu izanda ekimenak martxan jartzea".
Baina ez dira herrietako Ahotsak-en taldeak soilik abian jarraitzen dutenak; Goirizelaiak agertu duenez, talde eragileak, alderdietako buruzagitzetako emakumeek ere, harremanetan jarraitzen dute. Areago, Ahotsak ekimena plazaratu zutenean oinarri gisa aurkeztu zituzten hiru puntuak egun ere baliagarri direla ondorioztatu dute berriki: ""Guk bilerak egiten ditugu, segitzen dugu gure artean eztabaidatzen. Orain dela gutxi ondorio batera iritsi ginen: ikusten duguna da gure agiriko hiru puntu horiek momentu honetan baliagarri direla eta hiru oinarri horien inguruan jarraitu behar dugula lanean".
Laburbilduz, elkarrizketa eta akordioaren beharra eta elkarrizketa horietan pertona eta aukera guztiek parte hartzeko aukera aldarrikatzen da puntu horietako batean; beste batean, inolako indarkeriarik gabe eszenatokia behar dela eta bide politiko eta demokratikoak direla akordiorako tresna bakarra esaten da; hirugarrenean, euskal gizarteak onartutako erabakiak errespetatu egin behar direla.
Politika
Ahotsak taldeak lanean jarraitzen duela berretsi du Goirizelaiak
Hainbat lekutan sortu ziren tokian tokiko taldeek abian segitzen dutela, eta, halaber, talde eragileak bilerak egiten eta eztabaidatzen jarraitzen duela agertu du. Ahotsak-en sorrerako hiru oinarriak egun ere baliagarriak direla uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu