Nafarroa «Europarekin lotzeko aukerarik motzena, merkeena, errazena eta herritar gehien ukitzen duena» hori dela erran zuen Alvaro Mirandak; kontseilariak argitu zuen, hala ere, Espainiako Gobernuak duela lotura horrek aurrera eginen ote duen erabakitzeko eskumena, «ez Nafarroak».Nafarroako Gobernua beldur da Madrilek Nafarroako aukera baztertuko ez ote duen: «Prentsaren bidez jaso dut gaiari buruz dudan informazio bakarra; badirudi kantauriar eta mediterranear kostaldeak lotzeko Zaragoza eta Teruel hirien aldeko apustua egin nahi duela Espainiako Gobernuak», azaldu zuen Alvaro Mirandak.Ildo horretan, 2002. urteko abenduan Espainiako eta Nafarroako gobernuek herrialde horretako tren azpiegiturak garatzeko akordio bat sinatu zutela gogoratu zuen Miranda kontseilariak, eta egun boterean diren sozialistek hitzarmen hori «errespetatu eta bete egin beharko» luketela nabarmendu.Espainiako Gobernuan PP alderdiko kideek agintzen zutenean «abiadura handiko trenaren alde lan handia» egin zela nabarmendu zuen kontseilariak, eta lan hori «ezerezean» geldituko ote den beldur da Miranda. «Horregatik, lehentasunak zehaztea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Lehentasuna da Europarako lotura Nafarroaren bidez egitea, eta, hori lortzeko, Euskal Y-arekin bat egiteko aukeraren alde eginen dugu», azaldu zuen Nafarroa eta Lapurdi lotuko dituen trenbideaz mintzatzean.
47 kilometro Zuasti eta Ordizia lotzeko
Euskal Y-arekin bat egiteko, Zuasti eta Ordizia arteko bidea eginen luke abidura handiko trenak, Nafarroa eta Gipuzkoa artean. «47 kilometroko bidea izanen litzateke, haietako 17 lur azpitik, hainbat tunel egin beharko liratekeelako. Luzeenak sei kilometrotik goiti izanen lituzke», azpimarratu zuen Mirandak. Ibilbideari buruzko xehetasun gehiagorik, hala ere, ez zuen eman.
Nafarroara Zaragozatik (Aragoi, Espainia) ailegatuko litzateke abiadura handiko trena. Mirandak ezagutarazi zuen, hain zuzen ere, Zaragoza eta Zuasti arteko abiadura handiko korridorearen hiru zatiak aurrera eramateko hainbat urrats egin direla jada. Zaragoza eta Castejon artekoa da lehendabiziko zatia; Castejon eta Arrizabalaga artekoa bigarrena, eta Arrizabalaga eta Zuasti herrien artekoa, azkenik, hirugarren zatia. «Hiru zation inguruko prozedura teknikoa ia amaituta dago; hirugarren zatiak ingurumenean eraginen lukeen kalteari buruzko txostena besterik ez da falta, eta ia bukatuta dago hori ere», erran zuen Miranda kontseilariak parlamentuko batzordeko kideen aurrean. Castejon eta Zuasti herrien arteko abiadura handiko korridorea egiteko proiektuak tren geltoki berria aurreikusten du Nafarroako hiriburuan.Mirandak azpimarratu zuen hiru zati horien inguruko urratsak 2001 eta 2004 urteen artean egin zirela, eta aurretik ere, «urrats asko» egin zirela Espainiako eta Nafarroako gobernuen artean abiadura handiko korridorearen inguruan. Lan hori guztia, ordea, «kolokan» da egun Mirandaren ustez, Madrilen orain sozialistek agintzen dutelako.
«Nafarroaren garapenaren alde»
Nafarroako Parlamentuan EAk eskatuta egindako agerraldian hori izan zen kontseilariak zabaldutako mezu nagusia, hain zuzen ere. Sozialistekin dena dagoela kolokan. Kezka horren aurrean, eta «Nafarroaren garapenaren eta etorkizunaren alde», oposizioko talde guztien laguntza eskatu zuen Mirandak agerraldian. «Denok bat egin behar dugu Madrilek gure proposamenak aintzat har ditzan, bestela jai dugu; ez gara gu Europarako lotura izanen», erran zuen kontseilariak.
Une honetan Espainiako Gobernuak Nafarroak dituen asmoekin bat eginen ote duen ez du batere argi Mirandak, eta, horren adibide, 2005. urteko Espainiako aurrekontuak aipatu zituen kontseilariak: «Hurrengo urterako aurrekontuetan ez dago euro bakar bat ere Nafarroan abiadura handiko korridorea garatu ahal izateko. Inbertsioak etenda daude», azpimarratu zuen. Egoera horren arduradun sozialistak eta haiekin akordioak egin dituzten taldeak jo zituen kontseilariak.
-
OPOSIZIOAREN IRITZIA
Eskertu dute gobernuak bere hautua argitzea
Oposizioko taldeek eskertu zituzten Herri Lan kontseilari Alvaro Mirandaren azalpenak, batez ere Nafarroako Gobernuak Euskal Y-arekin lotzeko aukeraren alde egiten duela argitu zuelako.
«Gai horri buruzko jarrera erabat politikoa izan du orain arte UPNk; Euskal Y-aren lotura logikoa baztertu du beti; bide horren ordez, Pirinioetatik zuzenean lotu nahi izan du Nafarroako Gobernuak Iruñea Frantziarekin, Orreagatik», azpimarratu zuen Aralarreko ordezkari Txentxo Jimenezek.Parlamentuko taldeek gobernuak hautatutako aukerarekin bat egin zuten. Aralarrek, hala ere, zehaztu zuen bide horrek ingurumenean eraginen lukeen kaltea aztertu beharko dela.