Ezjakintasun hori AHTren lanak dauden beste hainbat herritan errepikatzen da. Arduradunen axolagabekeriarekin lotzen dute hori, ordea. Urbinan (Araba) lanetara joan-etorrian dabiltzan kamioiek egiten dituzten kalteen inguruko erantzunak faltan ditu Agustin Muiñosek, lanak metro eskasera dituen bizilagunak. «Herria lokaztuta egoteaz gain espaloiak eta erretenak apurtu dituzte; kamioien aseguruek kalteak ordainduko dituztela diote, baina inork ez du ezer konpondu». Argi duten bakarra da lanak nekez gelditzen direla. «Askotan gauean ere lan egiten dute; aurreko gau batean ordu txikitan leherketa bat egin zuten, eta hori edonor izutzeko modukoa da».
Kaltetu bakarrak ez dira izan lurrak edo etxeak kendu dizkietenak, inguruan ere eragiten ari baitira lanak. Abadiñoko Mendiola auzoko baserritar bat, esaterako, kexu da kamioiek etxe atarian jiratzen dutelako. «Lotsa handirik ez daukate. Baimenik eskatu ez eta euren etxean bezala ibiltzen dira». Egoerarekin nazkatuta, kontuak eskatzera joan zen, «baina inork ez zekien non zegoen arduraduna».
Beste bizilagun bat ere kexu da langile eta ugazabekin. Kanpoan egun batzuk igaro ondoren itzultzean, etxe inguruan gasolioa gordetzeko ontziak, janaria eta poltsa ugari aurkitu zituen. «Mozkorkerian ibili zirela zirudien». Bere begiz lapurretan harrapatu izan dituela ere salatu du. «Mizpirak eta gaztainak lapurtzen harrapatu ditut».
Egoera ikusirik, lanen ondoan bizi direnek ez dakite nora jo behar duten ere. Trenbidea Latze baserritik (Urbina, Araba) zenbat metrora igaro behar duen ere ez daki oraindik Maria Jesus Martinez de Sarriak. «Ez dute ezer markatu, eta toki askotatik igaroko dela esan digute». Jaurlaritzak Arkautin jarri duen Lurraneten bulegora jotzen duten bakoitzean hitzordua azkar ematen dietela dio, baina, hitz onak entzuteaz gain, argibide gutxi jasotzen dutela deritzote.
Lurraneteko bulegora jotzeaz gain, Ertzaintzarengana jo izan du Martinez de Sarriak lanek sortzen duten segurtasun falta salatzera. Hala, egunero etxe aurretik igarotzen diren kamioi eta makinek ezbeharren bat eragingo dutela uste du. «Nahi dutena egiten dute, nahi duten tokietatik sartzen dira». Jokaera hori egunerokotasunean nabaritzen dutela deritzote; abereak -behiak eta ardiak- dituzten lur sailetako hesiak irekita uzten dituzte, besteak beste. «Abereek alde egiten dute, eta noiz edo noiz kamioiak igarotzen diren errepidetik hartu behar izan ditugu».
Egoera bertsua dute Bolinburu baserrian. «Ez dago segurtasunik; errepidean zuloak daude, ura...eta egunero bertatik igaro behar dugu», dio Luis Mari Erizek. Aurreko astean errepidearen zati bat ere apurtu egin zen. «Kexatzen gara, eta beti esaten dute konponduko dutela».
Segurtasun kontrola
Kaltetuek hitz berdinekin laburbildu dute lanak egiteko ikusten duten jarrera. Haien ustez «ganora gutxirekin» ari dira. Bolinburu inguruko lanetan, adibidez, lur jauzi handiak gertatu direla diote bizilagunek. «Langileak Zaragozan edo Huescan egon dira lanean, eta hemen aurkitu dutena ez zuten espero; palakada bat ematen dutenean lurra mugitzen da», dio Luis Mari Erizek. Hasiera batean lanak hiru urterako zirela esan zieten, baina bertako langile batzuek horren argi ez dutela jakinarazi diete.
Lanak ez dira Aramaioko Bolinburu baserriko edo Urbinako herritarren egunerokotasuna baldintzatzen duten bakarrak. Lanak hasi zirenetik segurtasun neurriak eta kontrolak areagotu egin direla diote biztanleek. Iosu Ormaetxea eta Agustin Muiñosek Urbinako egungo egoera «larrialdikoa» dela uste dute. Zinpeko zaintzaileen, Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren joan-etorria etengabekoa dela diote. «Oso arraroa da Urbinan bi kontrol egiten ez duten astea, eta bisitariak zein herritarrak ordu erdiz gelditzen dituzte arakatzeko», dio Ormaetxeak.
Bizilagunak jarraitu, etxeen hesien gainetik begiratu, herriaren inguruko bideetatik ibilalditxo bat egin nahi izanez gero aurrera egitea debekatu... Herritik apur bat bakartuta dagoen Latze baserrian ere etengabeko kontrol hori sumatzen dela deritzo Martinez de Sarriak.
Bolinburun mutur horretara arte heldu ez diren arren, inguruan dauden lau etxeetara joan nahi duen edonork bidearen sarrera dauden pertsonen galderei erantzun behar die. Ezagutzen ez duten autoren bat sartuz gero azkar agertzen da Polizia horretaz arduratzeko.
«Ertzain mordoa dabil, eta zaintzaileak ere bai. Makina bat diru gastatuko dute», dio Abadiñoko baserritar batek ere. Beste bizilagun bat kexu da ertzainek «orduak» ematen dituztelako etxe atarian, auto kamuflatu batean. Lanak egiten ari diren inguruan gau eta egun zaintzaileak egoten dira. Bizilagun gazte batek salatu du gauetan foko handi batzuk pizten dituztela, zaintza errazteko edo. «Nik eskatu nuen nire etxera ematen dutenak kentzeko». Lehenengo egunean kasu egin zioten, baina atzera berriz piztu dituztela dio.
Segurtasun neurriak gogortu egin dituzte urriaren 26tik. Egun hartan manifestazioa egin zuten obretara, AHT Gelditu! Elkarlanak deituta. Ertzaintzaren helikopteroa etxe gainean izan zutela diote. Bizilagun bati, gainera, ertzainak joan zitzaizkion etxera. «Galdetu zidaten ea nik zer nekien; antolatzen ibili nintzen, edo baimenik eman nuen nire lurretatik pasa zitezen». Ertzainek manifestariei bidea moztu zieten, eta ez zieten utzi obretaraino iristen. «Erridikulua iruditzen zait. Jendeari utzi behar zioten obretaraino joaten. Esan beharrekoa esan eta lasai-lasai etxera joango ziren. Probokazio bat-edo izan zela uste dut», dio baserritarrak.
Lanak egiten ari diren eremuan zirkulu bat hesitu dute, eta bertara sartzen dituzte makinak norbait protestan-edo hasten bada. Gainera, zaintzarako dorrexka bat ere jarri dute, espetxeetakoen gisakoa. Handik inguru osoa kontrolatzen dute segurtasun zaindariek, eta norbait hurbiltzen bada berehala ateratzen dira. Bizilagunen arabera, sei bat zaindari egoten dira.
Eragozpenak eragozpen, Euskal Y-aren lanek inguru horiek errotik aldatu dituztela agerikoa da. Bolinburu baserrirako bidea hartu aurretik moztutako hainbat zuhaitz ikusten dira. Bidea hartzean nekez ikusten da landare izpirik, ordea. «Paisaia aldetik ezin dute gehiago suntsitu; landare guztiak kendu dituzte dagoeneko», dio Luis Mari Erizek. Baserrietara doan lokaztutako errepidean aurrera egin ahala ikusten da hori, kamioi, hondeamakina eta zapalgailu artean. Uztailean hasi zituzten lanak, eta egin zuten lehen gauza desjabetutako lurrak landarez garbitzea izan zen. «Garai batean animaliak ikusten ziren inguruan: basurdeak, azeriak... gaur egun ez dago ezer», esandu Oihana Erizek.
Urbinan urte gutxian izan duten bigarren lan handia da -Eibar-Gasteiz autopistaren lanak izan dituzte-, baina AHTren lanen ondorioa agerikoa da. «Lukuko tuneletik atera dituzten harri guztiekin beste mendi bat sortu dute herriaren ondoan», dio Ormaetxeak. Harriz egindako mendi horrek errepide lana egin behar zuen kamioiek herria gurutza ez zezaten. Lanak duela hainbat hilabete hasi ziren, eta ez da horrelakorik gertatu, ordea.
Ingurumenari ez ezik, balio historikoari ere kalte egingo diote obrek Abadiñon. AHT zubi baten gainean pasatuko da auzo hartatik, eta Mendilibar Erdikoa baserria eraitsi egin beharko dute. 350 bat urte badauzka baserri horrek, eta balio historikoa ere bai. AHTren zubi baten habe bat egingo dute egun baserria dagoen lekuan.
Desjabetzeak
Lan horiek guztiak are kutsu ilunagoa dute bizi dituzten herritarrentzat inposatutako bidetik heldu direla uste dutelako. Inposaketa lurren desjabetzeen egunetik bertatik heldu zela deritzote. Desjabetzeak zirela-eta gertatzen ari ziren iskanbilen ondorioz lurren jabeengana jo zuten eskaintza egitera, eta, bide batez, eskaintza onartzen ez bazuten aurretik zuten bide ilunaren berri ematera. «Ez zen negoziaziorik egon, haiek agindutakoa egin delako», dio Martinez de Sarriak.
Horiek horrela izanik ere, protestarako ekimen gutxi dagoela diote. «Jendea ez da mugitzen. Ez dakit beldurragatik edo auzokoekin eztabaidan ez aritzeagatik den». Baserritarrak dio lagunartean atera izan duela gaia noiz edo noiz, «baina lurrak kendu dizkietenean ere ez dute hitzik esaten». Protesta gehienak gazteek egiten dituztela dio.
Bizilagun gazte bat, ordea, ezkor da protestekin. Mobilizazioetan gero eta jende gutxiagok hartzen duela parte deritzo, eta argi ditu horren arrazoiak. «Jendeak ikusten du gaur egun mugimenduek ez dutela eraginik, eta, gainera, oso zorrotz zigortzen dela».
Aurreko astean gauean leherketa bat egin zuten, eta hori edonor izutzeko modukoa da»
AGUSTIN MUIÑOS
Urbinako herritarra
«Nahi dutenaegiten dute, etanahi duten tokitatik sartzen dira»
maria jesus martinez de sarria
Urbinako Latze baserriko bizilaguna
«Garai batean animaliak ikusten ziren inguruan; azeriak, basurdeak... Gaur egun ez dago ezer»
Oihana eriz
Aramaioko Bolinbu baserriko bizilaguna
«Oso arraroa da Urbinan bertan poliziekbi kontrolegiten ez duten astea»
IOSU ORMAETXEA
Urbinako herritarra