AHT. LAPURDIKO ZATIAREN FINANTZAKETA. ANALISIA. Tren pasaiari so eta bidea ordaindu behar

Aitor Renteria.
2008ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Bi urte ez dira pasatu tren egitasmoari buruzko eztabaida publikoa egin zenetik. Hautetsi gehienek, herri elkargo gehienek, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak AHT bide berriaren aldeko jarrera hartu zuten orduan. Prozedurari jarraikiz, AHT bidearen eraikitze lanen ardura duen RFF konpainiak behin betiko ibilbidea ezagutzera eman beharko du 2011n. Finantzaketaren osaketa burutzeko lehen urratsak egin direlarik, hautetsien lehen karrankak entzun dira. Xedea ez dago uste bezain olioztatua.

Tarrapataka ekin zioten eztabaida publikoari, egin ezean Europako diru laguntzak galduko zituztelako. Lapurdiko hautetsiek ez zuten garapenaren trena galdu nahi, eta gutxi batzuen salbuespenarekin, bide berrien eraikuntzaren alde egin zuten. Bordele-Hendaia arteko atala eraikitzea halabeharrezkoa zela erran zuten orduan. Eraikuntza lanen finantzaketari ez zioten garrantzi handirik eman.

Europak, Frantziak, Akitaniak eta Kontseilu Nagusiak ordainduko zutela pentsatu zuten, orain arteko prozedura hori izan delako. Baina sobera goiz harilkatu zuten ehuna, kontuan hartu gabe Frantziaren egoera ekonomikoa.

Sarkozyk Frantziaren defizita murriztuko zuela agindu zuen, baina murriztu ordez hazi egin da. Orduko onura ekonomikoa ere lurrundu da, eta mundu osoarekin batera, gerrikoak estutzeko garaia heldu Ipar Euskal Herrian ere bai. AHTren aurrekontuaren laurdena hartu beharko dute bere gain tokiko erakundeek. Baina ez Bordele-Hendaiari dagozkionak, Frantziako AHT xede guztiena baizik.

Eskualdeko Prefetak jakinarazi die erabakia Akitania, Poitou-Charentes eskualdeetako presidenteei. Bilkurara deitu zituzten herri elkargoak ere, eta bertan jakin dute berria. Hara joan orduko hartua zen erabakia. Frantziak ez die iritzia eskatu, ordaintzea baizik.

Lapurdin eraiki behar diren 30 kilometro laburretan geltoki baten esperantza zuten hautetsiek. Labur ikusi zuten. Ez zuten kontuan hartu Gipuzkoan ere geltoki bat eginen dutela. Geltoki gehiegi kilometro gutxitan. Ez dute ibilbidea ezagutzen, ez dakite geltokirik izanen duten eta ordaindu behar dute, ondoko mende erdian herri elkargoen garapena hipotekatuz. Geltokia bertan behera uzteko prest ziren Miarritzeko hautetsiak, Hondarribiko aireportua kentzearen truk. Ametsa lurrundu da. Europako xedea da, eta Frantziak du erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.