AHTa amaitzeko konpromisoa hartu du Espainiak

Ana Pastorrek 6.596 milioi euro agindu ditu Hego Euskal Herriko AHTa, Santanderkoa eta Burgoskoa egiteko

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
AHT abiadura handiko treneko lanak amaitzeko konpromisoa hartu zuen herenegun Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak, senatuan egindako agerraldi batean. Pastorren arabera, hainbat trenbide izango dira lehentasunezkoak, artean Euskal Y-arekin eta Nafarroako AHTarekin lotura zuzena dutenak: Santander-Bilbo, eta Burgos-Gasteiz. Castejon eta Iruñea lotuko dituen trenbidea ere lehentasunezkoa izango dela azaldu du.

Oraindik ez dago garbi Nafarroako AHTak eta Euskal Y-ak non egingo duten bat. Horregatik, ikerketa prozesuan dago Altsasutik Gipuzkoara helduko den trenbidearen zatia. Ezkio-Itsason (Gipuzkoa) elkartzea da aukeretako bat; Euskal Y-aren erdigunea bertan dago, eta ikertzen ari dira Nafarroako lotura bertan egin edo ez.

Guztira 6.597 milioi euro falta dira inbertitzeko lau trenbide horietan, Pastorren arabera. Nafarroako AHTan, 2.180 milioi euro gastatuko dira; Santander-Bilbo eta Burgos-Gasteiz lineatan, eta Euskal Y-an, berriz, 4.417 milioi euro. Ezker abertzaleak gogor kritikatu ditu gastu horiek: «AHTko lanetan horrenbeste diru xahutzea sekulako ankerkeria da».

Hego Euskal Herrikoa ez ezik, Extremadurako eta Errioxako abiadura handiko trenak ere bultzatuko eta indartuko ditu gobernuak, Pastorren esanetan.

Plataforma logistikoak

Sustapen ministroa, ordea, ez zen soilik AHTren inguruan mintzatu senatuko agerraldian, eta, haren arabera, Lezon (Gipuzkoa) eta Jundizen (Araba) plataforma logistikoak egiteko aztertze lanetan ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.