AHTaren aurka bi orenez 2.000 kontrako iritzi bildu dituzte

Inkesta publikoaren «arrakastaz» indarturik, urriaren 27ko manifestaldiari begira jarri dira orain

Hiru oren laurdenez bostehun kontrako iritzi bildu dituzte Urruñako Herriko Etxean. NORA ARBELBIDE.
Nora Arbelbide Lete.
Urruña
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Ez zutela halakorik espero aitortu du Pantxoa Tellier CADEko kideak. 10:00etan hasi eta hiru oren laurdenen buruan jadanik 500 herritarrek ekarria zieten abiadura handiko trenaren (AHT) bide berriaren proiektuaren aurkako iritzia Urruñako herriko etxera (Lapurdi). AHTaren aurkako elkarteek antolatu inkesta publikoa egin zuten atzo goizean bertan, baita Uztaritzen, Mugerren, eta Landetako beste zenbait herritan ere. Argitaratu berri duten Arantzatsu dokumentuaren karietara, nahi duen oro gonbidatzen dute bere oharrak egitera AHT bide berriaren proiektuaz.

Lapurdiko hiriei dagokienez, bi orenez 2.107 herritarren kontrako iritziak jaso zituzten. Eta litekeena da kopurua emendatzea, aste batez luzatu baitute bilketa. Hiru hirietako herriko etxeetara bidal daitezke oharrak, edo Interneten bidez, www.urrugne.info/epine helbidetik. Oharrak, erreferendumeko kontrakoen izenpetzeak eta Arantzatsu txostenarekin batera, suprefeturara eramatekoak dituzte ondotik.

Arrakastaz kontent agertu zen Tellier, bereziki jakinez Arantzatsu txostena zaila dela: «Baina iduriz, nahiz eta konplikatua izan, jendea interesatu da. Eta hori marka ona da guretzat». Marka ona, prestatzen ari diren urriaren 27ko Baionako manifestaldiari begira: «Izenpetze bilketa honen arrakasta ikusiz, pentsa dezakegu urrian ere izanen dela anitz jende Baionan». Hori baita elkartearen helburuetako bat, mobilizazioa bizirik atxikitzea: «Herritarrak ohartu daitezen proiektu hori ez dela gelditua. Anitzek pentsatzen dute diru eskasagatik ez dela eginen. Baina hori ez da batere egia. Egitasmoa aitzina doa, segitzen du. Bururaino eramanen dute; hori segurtatua da. Horretako gure borroka ez dugu gelditu behar. Proiektua gelditzen badute, ez da diru eskasagatik izanen, baizik eta frogatu dugulako proiektua behar gabekoa dela» Indar joko horretan, «non den indarra» ere erakutsi nahi dute.

Dagoena hobetsi nahi

Herritarrei hitza eman, eta haiek hartu. Herriko etxearen gela beterik, denek badute zer erran atzo goizean Urruñan. Bertaratu Jean Claude Campagnac urruñarrak, adibidez, egitasmoa «zozokeria bat» dela idatzi du inkesta publirako orrietan, eta baita esplikatu ere: «Presatuak direnentzat hegazkina dago edo hobetu daitekeen gaur egungo bidea ere bai». Gaurko bidea hobetzea, hori da gehienik agertzen den oharra. Gauza bera pentsatzen du Mathilde Ordokik: «Jadanik bada bide bat, eta nahi dugu hortik pasa dadin. Ez dugu nahi gure lurrak hondatzea, gure etxeak eramatea».

Azpiegitura berria behargabekoa dela argi dute hurbildu herritarrek, baita herri galdezkaren beharra ere. Francis Ortiz urruñarrak bezala: «Guk behin ere erabiliko ez dugun proiektu inposatuaren aurka garela erakusteko. Ez da oraino irabazia. Irabazia ukanen dugu armak pausatuak ukanen dituztelarik, Alain Rousset ez dugularik gehiago entzunen proiektuaz mintzatzen. Bere mailako hautetsiek erranen digutelarik beste gisa batez antolatuko direla eta gaurko bideekin eginen dutela baieztatuko digutelarik».

Hainbat izenpetze, hainbat ohar, batzuk oihuak: «Kontra! Kontra! eta berriz kontra!» eta beste batzuk filosofoago, luze edo labur: «Abiadura gora, bizia behera» dioen oharra bezala; hori bai, aldekorik ez da agertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.