AHTaren aurkako sei ekintzaileri denera hiru urte eta lau hilabeteko zigorra ezarri die Gasteizko Epaitegiak. 2009an Urbinan (Araba) protesta batean Ertzaintzarekin izandako istiluen harira zigortu dituzte, agintariei eraso egitea eta desordena publikoak eragitea egotzita. Seietatik inor ez dute espetxeratuko.
Liskarra 2009ko urtarrilaren 17an gertatu zen, Urbinan. AHT Gelditu taldeak deituta, mila lagun inguruk manifestazioa egin zuten; Urbinako plazatik tren lasterraren lanen eremu batera joan ziren. Epaiaren arabera, zubi bat eraikitzen ari ziren bide bat itxi zuten manifestariek, eta eremua zaintzen ari ziren ertzainei harriak bota zizkieten. Ertzaintza oldartu egin zitzaien, eta istiluak sortu ziren. Ondorioz, polizia eta manifestari batzuk zauritu ziren, eta Ertzaintzak zortzi ekintzaile atxilotu zituen —azkenean, sei auzipetu zituzten—.
Fiskalak guztira bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen; defentsak, absoluzioa, baten kasuan izan ezik. Auzipetuetako baten abokatua fiskalarekin akordio batera iritsi zen, ertzain bat jo zuela onartu egin zuen eta. Epaileak urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio, ertzaina jotzea leporatuta. Horrez gain, 815 euroko kalte-ordaina eta 180 euroko isuna ordaindu beharko ditu. Beste lauri zazpi hilabeteko zigorra ezarri diete. Desordena publikoak eragitea eta ertzainei erasotzea egozten diete. Haietako bik 120 euroko isuna ere pagatu beharko dute, baita seigarrenak ere. Aralarrek elkartasuna adierazi die sei ekintzaileei; eta erakundeei AHTaren lanak gelditzeko eskatu die.
Arriola Pastorrekin bilduko da
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua eta Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroa elkartuko dira gaur, Madrilen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako AHTko inbertsioari eusteko eskatuko dio Arriolak Pastorri. Sailburuaren ustez, «Espainiak duen proiektu garrantzitsuenetako bat da tren lasterrarena» eta Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren arteko elkarlana «funtsezkoa» da. AHTaz gain, beste proiektu batzuk ere aztertuko dituzte gaurko bileran. Besteak beste, Pasaiako kanpoko portua, Lezoko (Gipuzkoa) eta Jundizko (Araba) plataformak.
AHTaren aurkako sei ekintzaile zigortu dituzte
Urbinan 2009an sortu ziren istiluengatik, denera hiru urte eta lau hilabeteko zigorra jarri die epaileak auzipetuei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu