Martin Zelaia. Sakana Trenaren Alde plataformako kidea

«AHTaren gaiak premia du orain: lehen pausoa herri alegazioa da»

«AHTa da landu den aukera bakarra», eta hori aldatu nahi du Sakana Trenaren Alde plataformak. Egungo tren zerbitzua egokitzea eta hobetzea dute helburua.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iosu Alberdi.
2018ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sakana Trenaren Alde plataforma aurkeztu zuten atzo, Uharte Arakilen (Nafarroa), egungo trena hobetzearen alde, eta abiadura handiko trenaren (AHT) obren aurka. Plataformako kide Martin Zelaiak BERRIAri azaldu dizkio eragile berriaren helburuak.

Nola sortu da Sakana Trenaren Alde plataforma?

Iazko irailean, Sustrai Erakuntzak tren sozial eta publikoaren aldeko txosten bat kaleratu zuen, eta hainbat hitzaldi egin genituen horren harira. Hor sumatu genuen zerbait egiteko grina zegoela. Abenduan, biltzen hasi ginen, eta manifestu bat idazten hasi, Sakanan zenbateko atxikimendua lor genezakeen ikusteko. Espainiako Sustapen Ministerioa iritsi da, ordea, AHTaren lanekin. Horrek bizkorrago lan egitera bultzatu gaitu.

Zein dira manifestuaren puntu garrantzitsuenak?

Garrantzitsuena egungo trena mantentzea da; horregatik egiten dugu tren publiko eta sozialaren alde. Pertsonak eta salgaiak garraiatzeko onena dela uste dugu, AHTak ez baitu horretarako aukerarik emango. Geltokiak ere murriztu egin dira, eta, gure ustez, bidaia garrantzitsuenak laburrak dira. Horiek errepidetik trenera igaro behar dira. Kostu ekonomikoak eta ekologikoak ere urriagoak lirateke horrela.

Gabezia bat betetzen du plataforma berriak?

Sakanan ez da batere landu tren sozialaren gaia. Zerbitzu murrizketen inguruan ere udalek ezer gutxi esan dute. Garaia da gaia zabaltzeko, eta gure asmoa urte hauetan pixkanaka gaia jorratzea zen, jendeari egungo trena mantendu eta hobetu behar dela adieraztea. Lehen asmoa hori zen, baina AHTaren azken berriekin aldatu egin da egoera. Bi gaiak jorratuko ditugu, beraz: egungo trena eta AHTa.

Zein pauso emango dituzue helburu horiek betetzeko?

AHTaren gaiak premia du orain, eta lehen pausoa herri alegazio bat aurkeztea izango da. Erdi egina dago, eta sinadurak lortu nahi ditugu orain, Sakana osoan zehar. Otsailaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dugu, orduan bukatuko baita alegazioak aurkezteko epea.

AHTak zein ondorio ekar ditzake Sakanara?

Sakanan jada badaude hainbat bide hesituta: trenbideak, errepideak... Hesi horiek guztiek pertsona eta animalien mugimenduari kalte egiten diote. AHTak eremu zabalago bat hesitzea ekarriko luke.

Beraz, uste duzue ingurumenarentzat kaltegarria dela.

Kalte ugari eragingo lituzke, hainbat eremu babesturen albotik igarotzen baita. Hori da alegazioa egiteko orduan azalduko ditugun puntuetako bat.

Herritarrek nola erantzun dute horren aurrean?

Oraindik ez dakigu zenbaterainoko erreakzioa egon den, bat-batean iritsi baitzen berria. Ikusi dugu, ordea, gero eta jende gehiago ari dela mugitzen. Kezka nabari da. Madrilek, ordea, hilabete eta erdiko epea jarri du alegazioentzat. Uste dugu udalek epea luzatzeko eskaera egin behar zutela.

Sakanako trenaren defentsa ere egiten duzue. Betetzen al ditu herritarren beharrak?

Uste dugu ez dela batere aztertu egungo trena mantentzearen eta hobetzearen aukera. AHTarekin, berriz, prozesu osoaren gainean egon gara, hasieratik. Eta hori da landu den aukera bakarra, nola egin AHTaren bide berria. Uste dugu egungo trenarekin jarraitu dezakegula, hobekuntzak egitea oso erraza baita, eta nahikoa.

Nola konpondu daiteke egungo trenbide sarea?

Egungo trena bide bakarrekoa da, baina hasieratik prestatu zen alboan beste burdinbide bat egiteko. Horrela bi bide izango genituzke, eta eraginkortasuna bikoiztu edo hirukoiztu genezake. Nafarroako Gobernuak dio trenak eraginkortasun mugatua duela. Egia izan daiteke, baina bigarren burdinbidearekin eta Europako zabalerara egokitzearekin modernizatuko litzateke. Ez dugu bide berri batetik joango den beste tren bat behar.

Elkarlanik jorratuko al duzue?

Batez ere udalekin aritu nahi dugu elkarlanean. Alegazioarekin batera, mozioak aurkeztu nahi ditugu udaletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.