Topografia lanekin hasi dituzte gaur Abiadura Handiko Trenaren (AHT) geltokiaren obrak Donostian. Atotxako geltoki berria egiteko 42 hilabeteko epea dute, eta beraz, 2023. urte erdialderako erabilgarri egotea aurreikusten dute.
Euskal Trenbide Sareak (ETS) azaldu duenez, geltoki berria oraingoaren arkitekturan eta Tabakalerako ingurunean integratuko da. Gainera, «garraiobide desberdinen arteko lotura bultzatzen» duela adierazi du.
Obrek 80,4 milioi euroko aurrekontua dute, eta tren zerbitzuaren mantenua bermatzen dute. Lanak hainbat fasetan egingo dira, une oro behin-behineko bide bat erabilgarri egon dadin. Gehienbat trenbidean arituko direnez lanean, «ez dute eragin handirik izango herritarrengan», ETSren arabera. Horietako bat Mundaiz kalea moztea izango da: hemezortzi eta 24 zenbakien artean moztuko dute uztaila bukaeran.
Azaroan hasiko dira eraikitzen behin-behineko oinezkoen pasabidea. Horrek Frantziako ibilgunea eta Blas de Otero plazako urbanizazioa lotuko ditu, eta gaur egun dagoena ordezkatuko du. Oraingoa 2021eko udaberritik aurrera itxi eta eraitsiko dutela adierazi dute.
Atotxako geltoki berriko zati bat trenbide berrien azpian kokatuko da, eta 7.400 metro koadro izango ditu. Eremu hori beheko atari gisa erabiliko da. Geltokiaren estalkiak 5.700 metro koadroko plaza bat sortuko du, Tabakalera eta Egia Donostiako erdigunearekin lotuko duena.
Behin-behineko geltokia 2022. urte hasieran erabilgarri egongo dela aurreikusten dute.