Bilera egin dute Akitaniak eta Euskal Autonomia Erkidegoak osatutako euroeskualdeko ordezkariek Busturiko Madariaga dorrean. Jaurlaritzaren izenean, parte hartu dute Iñigo Urkullu lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuak eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak.
Akitaniako Kontseilu Nagusiaren izenean, berriz, Frantxoa Maitia presidenteordea, Mathieu Berge garraio kontseilaria eta Eric Guilloteau Ekonomia eta Garapen kontseilaria izan dira, Rousset presidenteaz gain.
Hedabideen aurrean, mugaz gaindiko elkarlanaren balioa nabarmendu dute Urkulluk eta Roussetek: "Estrategia bateratuak eta lurralde arteko lankidetzak garapen aukerak biderkatzen ditu".
Besteak beste, tren lasterraren lanak izan dituzte hizpide. Proiektuan aurrera egitearen garrantzia berretsi du Urkulluk, "lehentasunezko behar" gisa deskribatuta. Hori horrela, Jaurlaritzak azpiegitura horrekiko duen konpromisoa azaldu du, eta gainerako erakundeei eskatu die "konpromisoei eta gauzatze epeei" eusteko. Roussetek ere abiadura handiko trenaren lanak lehentasunezkotzat jo ditu Akitaniarentzat: "Ezin dugu XIX. mendeko trenbide sare batekin bizitzen jarraitu".
2014ko jardueren balantzea onartu dute bileran. Horien artean dago Bordeleko Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak adostutako campusa martxan jartzea. 2015erako Ekintza Plan bat ere onartu dute, 2014-2020 Plan Estrategikoan oinarrituta. Aurten egitea aurreikusi duten ekintzen artean daude ikastetxeen trukaketa programak eta euskararen sustapena.