azpiegiturak

AHTaren lanak ez gelditzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Espaniako Gobernuari

EAJk egin du proposamena, eta PSEk eta PPk babestu dute ekimena, AHTaren obrak ez gelditzeko eta ez atzeratzeko eskaera eginez Espainiako Gobernuari. Eskaera atzo Espainiako Sustapen ministroak lan publiko guztiak urtebete atzeratuko zituztela esan ondoren etorri da.

2010eko maiatzaren 20a
16:32
Entzun
Espainiako Gobernuak lan publiko guztiak bataz beste urtebete atzeratuko zituela iragarri ostean dator eskaera: abiadura handiko trenaren lanak ez atzeratzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak, EAJ, PSE-EE eta PPren eskutik. "Euskadin dagoeneko iragarriak diren lanak ez gelditzea eta ez atzeratzea eskatzen diogu Gobernuari, eta zehaz dezala Bilbo-Santander eta euskal Yari dagozkien ibilbideen epeak".

Era berean, eskatu dute trenbide sarean iragarrita dauden lanen epeak bere horretan mantentzea.

Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak atzo iragarri zuenez, nahiz eta lan guztiak atzeratuko dituzten abiadura handiko trenaren lanak eta trenbide sarearenak "lehentasun" izango dira.

Miguel Sanz Nafarroako presidenteari ere ez zaizkio gustatu Espainiako Sustapen ministerioaren egitasmoak. "Ulergaitza" da haren ustez, erkidego guztietan neurri berak aplikatzea, "gehiegizko gastua izan ala ez", eta Espainiako Gobernuak "bere kabuz" AHTaren lanak atzeratzea erabakiko balu "legez kanpo" legokeela esan du. "Iruñea-Castejon ibilbidea ezin da atzeratu".

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak batzen dituen Eudel elkarteak ziurtatu duenez, Espainiako Gobernuak iragarri aurretik ere geldirik zeuden dagoeneko AHTaren hainbat lan. Jokin Bildarratz presidentearen arabera, "enpresario batzuek ezin dute lanean jarraitu Estatuak ez duelako dirurik ordaintzeko".

Era berean, euskal instituzioen egoera "orohar Espainiakoena baino oso bestelakoa da, eta murrizketak horren arabera egin behar" direla esan du. Hain zuzen, hori aldarrikatuko dute Patxi Lopezekin egingo duten bileran, astelehenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.