Azpiegiturak

AHTaren Nafarroako obrak "berehala" gelditzeko eskatu du Sustrai Erakuntza Fundazioak

Nafarroako Gobernuak "ardura politikoa" duela erran du Pablo Lorentek, eta "gutxienez" Luis Zarraluki Sustapen kontseilariak dimisioa eman beharko lukeela. Bideoa: AHTaren aurkako bizikleta martxa Donostiara iritsi da.  

edurne elizondo
2013ko abuztuaren 1a
19:20
Entzun

Abiadura handiko trenaren Nafarroako obrak "berehala" gelditzeko. Horixe eskatu du Sustrai Erakuntza Fundazioak, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak lan horien ingurumen eraginaren adierazpenen inguruko sententzia plazaratu eta gero. Ebazpen horretan epaileek argi utzi dute Castejon-Iruñea arteko obrei eta Iruñeko tren geltoki berria egiteko lanei buruzko adierazpenak jada ez direla indarrean. Ez dutela balio. Horren ondorioa garbia da Sustrai Erakuntzako Pablo Lorenteren hitzetan: "Obrak legez kanpokoak dira".

Espainiako Gobernuak hamar eguneko epea du orain Madrilgo epaileen sententziari helegitea aurkezteko. Abuztuan epaitegiak ez du lanik egiten, beraz, irailean aurkeztu beharko luke, Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean. Sustrai Erakuntza Fundazioko abokatu Idoia Zuletek azaldu du ez dakitela Espainiak helegite hori aurkeztuko duen edo ez; edozein modutan, aurkeztuz gero, behin-behineko neurriak eskatzeko aukera ez du baztertzen.

Legeak ezartzen dituen bideak eta epeak bazter utzita, Pablo Lorentek nabarmendu du Nafarroako Gobernuak "ardura politikoa" baduela. "Bazekiten ingurumen eraginaren adierazpenak ez zirela indarrean, eta, hala ere, aurrera jarraitu dute lanekin". Sententzia behin betiko bilakatzen bada, lanak egiten ari diren enpresek kalte ordainak jasotzeko eskubidea izanen lukete. Ardura politiko horren harira, Lorentek erantsi du Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilari Luis Zarralukik, "gutxienez", dimisioa eman beharko lukeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.