AHTaren zubibiderik handieneko lanak amaitu ditu Adifek, Aramaion

1.392 metro luze da eraiki berri duten azpiegitura, eta A-2620 errepidearen gainetik igarotzen da

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Amaitu dituzte AHT abiadura handiko trenaren Aramaio (Araba) eta Arrasate (Gipuzkoa) arteko zatiaren zubibidea eraikitzeko lanak. Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak emandako datuen arabera, 1.392 metro luze da, eta Aramaio herria zeharkatzen du. Euskal Y-ak izango duen zubibiderik handiena da eraikitzen amaitu berri dutena.

A-2620 errepidearen gainean egin dute zubibidea; 25 zutabe ditu, 13 eta 83 metro artekoak. Erdikoak A forma du. Goiko plataforma 14 metro da zabal, eta egokitua dago abiadura handiko trenek nazioartean duten bidea halako bi eraiki ahal izateko. Zubibideak zeresan handia eman du lehendik ere. Izan ere, 2010eko otsailean, hura eraikitzeko lanen ondorioz, lur-jausi handi bat gertatu zen inguruan. Ezbehar horren ondorioz, urtebete baino gehiago eduki zuten Gasteizerako errepidea itxita. Arrasate eta Aramaio arteko zatia 3.3 kilometro da luze, eta, aipatutako zubibideaz gain, Etxebarriko zubia (307 metro) eta Atxetarriko tunela (500 metro) ditu.

Euskal Trenbide Sareak aste honetan bertan amaitu ditu Ezkio-Itsaso eta Beasain (Gipuzkoa) arteko zatiaren tunel bateko lanak, Sorozarretakoak. Tunelak 1,7 metro ditu.

Euskal Y-aren 13,68 kilometro amaitu dituzte 2006tik; urtean bi pasatxo. Zehazki, obren %68 daude martxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 114,12 kilometro, hain zuzen.

Adifek aurreratuak ditu lanak Araban eta Bizkaian. Legutio-Arrratzua-Ubarrandia II (Araba) eta Durango-Abadiño (Bizkaia) zatiak amaituak ditu, eta gainerakoia guztiak ari da eraikitzen. Gipuzkoan, Jaurlaritzak lanak hasi ditu zati guztietan, Astigarragatik Donostiara eta Irunera salbu.

Nafarroan, iaz hasi zituzten eraikuntza lanak Alesbes eta Cadreita artean. Halaber, hilabete honetan hasiko dituzte Castejon eta Cadreita artekoak. Horrenbestez, foru gobernuak eraiki behar dituen 69,89 kilometroetatik 14,7 kilometro egongo dira martxan. Bestalde, Frantziako Gobernuak Lapurdiko AHTaren lanak geldiarazi eta bi urtez atzeratu zituen iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.