AHTarentzako desjabetze aktak ez dituzte sinatu

Protesten artean, Sustapen Ministerioko funtzionarioek ezin izan dute Hernaniko udaletxean sartu

Ertzaintzaren zaintzapean iritsi ziren idazkariak Hernanira. JUAN CARLOS RUIZ/ ARP.
Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Abiadura handiko trena eraikitzeko nahitaezko desjabetze aktak sinatu behar zituen Espainiako Sustapen Ministerioak, atzo, Hernaniko udaletxean, baina goizean goizetik ehundik gora lagun bildu ziren udaletxearen aurrean AHTaren lanen desjabetze tramiteak geldiarazteko asmoz, eta azkenean aktak ez zituzten sinatu. Protesta Ertzaintzaren zaintzapean egin zen.

Elkarretaratzea 07:30 aldera hasi zen, 50 bat lagun udaletxe barruan itxi zirenean, eta ordubete beranduagorako ehun pertsona baino gehiago zeuden elkartuta udaletxearen plazan.

Sustapen Ministerioko idazkariak goizeko bederatziak izateko bost minutu falta zirela iritsi ziren, eta plazan bildutakoekAHTaren kontrako hainbat lelorekin hartu zituzten. Horrez gain, bai udaletxean bertan bai plazan hainbat pankarta jarri zituzten AHTaren aurkako leloekin: Ez Hernanin, ez inon, AHTrik ez!; Herriak bizirik; Kapitalismoaren aurka, ekintza zuzena, AHT stop...

Udaletxe barrura sartu ezinik zeudela eta herritarrak protestaka zituztela ikusita, Sustapen Ministerioko idazkariak oharra utzi zuen desjabetzeak bertan behera gelditzen zirela ohartuz eta zehaztu gabeko beste egun batean egingo direla jakinaraziz.

Hernaniko ikastetxeetan deialdiak egin zituzten, atzo, desjabetzeen aurka protestak egiteko, eta, era berean, Langile Ikastolako Mugimendu Abertzaleak elkarretaratzea, bideo emanaldia eta solasaldia antolatu zituen AHTaren aurka.

Joan den astean, Andoaingo lurren desjabetze aktak sinatu zituzten Sustapen Ministerioko ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.