Estatuko Fiskaltzak egin dion salaketaren harira, astelehenean Gasteizko Auzitegira joan beharko du Asier Agirre Aramaioko (Araba) alkateak, azalpenak ematera. Izan ere, joan den irailean AHTren inguruko galdeketa egin zuten Aramaion, eta kontsulta antolatzeagatik "prebarikazioa, debekuari muzin egitea eta ondasun publikoak bidegabe erabiltzea" leoporatu dio Fiskaltzak. Kartzelara joateko adinako zigor eskaera egin du haren kontra.
Egoera hori salatzeko eta Agirreri elkartasuna adierazteko agerraldia egin dute gaur goizean Elorrioko (Bizkaia) udaletxean AHTren aurkako alkate eta hautetsien sareko kideek, besteak beste, Elorrio, Itsasondo (Gipuzkoa) eta Atxondoko (Bizkaia) alkateek eta Arrasateko (Gipuzkoa) zinegotziek.
Prebarikazioa eta ondasunak bidegabe erabiltzea agintarien artean zabalduriko praktikak direla iritzi diote hautetsi horiek, eta agintari judizialek ez dituztela behar bezala jazartzen. Aramaioko alkatearen kasua oso bestelakoa dela adierazi dute, ordea; hots, Agirrek ez duela prebarikaziorik edo ondasunen erabilera bidegaberik egin, baizik eta AHT herritarrengan eragin handia izango duen azpiegitura izanik, "informazio osoa" helarazten eta haien iritzia jasotzen saiatu dela. Horregatik auzipetu dutela nabarmendu dute.
Agirreri babesa adierazteaz gain, Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzaren jarrera "lotsagarria" dela nabarmendu dute aipatutako hautetsiek, "herritarren iritzia ezagutzeko ekimenak kriminalizatu eta epaileen aurrera eramateak, argi uzten duelako herritarrek esan eta pentsatzen dutenarekiko sentitzen eta adierazten duten errespetu falta nabarmena dela".
Azpiegiturak
AHTren inguruko galdeketa antolatzeagatik auzipetutako Aramaioko alkateari babesa adierazi diote hainbat hautetsik
Besteak beste, Arrasate, Elorrio, Itsasondo eta Atxondokoek. Espainiako Estatuko Fiskaltzak prebarikazioa, debekuari muzin egitea eta ondasun publikoak bidegabe erabiltzea egotzi dio Asier Agirre Aramaioko alkateari, eta espetxera joateko adinako zigor eskaera egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu