AHT abiadura handiko trenari buruz informazioa zabaltzeko eta herritarrei iritzia eskatzeko kanpaina bat abiatuko du CADEk, tren lasterraren aurkako taldeak. Irailaren 22an inkesta publiko bat egingo dute Lapurdiko hiru herritan: Urruñan, Uztaritzen eta Mugerren. Ipar Euskal Herrian abiadura handiko trenbide sare baten sortzea ea beharrezko ikusten duten galdetuko diete herritarrei. Administrazioak egin behar du gisako galdeketa bat obrak onartu aitzin; CADEk aurrea hartuko dio sinbolikoki, AHTa alferreko azpiegitura dela salatzeko. Landetako lau herritan ere egingo dute galdeketa hilaren 22an.
Hurrengo ekitaldia urriaren 27rako jarri du CADEk: Baionan manifestazioa egingo dute AHTaren aurka. Taldearen webgunean, gainera, tren lasterra egiteko proiektuari buruzko txosten zabal bat jarri dute herritarren esku.
Iurretan, lanak aurrera
Hego Euskal Herrian, bitartean, aurrera jarraitzen dute AHTko obrek. Adifek, trenbide sareak kudeatzeko Espainiako erakundeak, atzo jakinarazi zuen Urzelaiko tunela zulatzen amaitu duela; Iurretan dago (Bizkaia). 696 metroko tunela egin dute, Durango eta Zornotza arteko tartean. Adifek jakinarazi du bere ardurapeko tartean, Bilbo eta Gasteiz artean, hamabi zati obretan direla.
AHTrik behar ote den galdetuko du CADEk
Inkestak egingo dituzte Urruñan, Uztaritzen eta Mugerren hilaren 22an, eta manifestaziora deitu dute urriaren 27rako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu