Aieteko Adierazpenaren muina azalduko dute Bruselan, hilaren 29an

Europako Parlamentuko Friendship-ek antolatu du, eta bertan, Jonathan Powellek parte hartuko du

Izaskun Bilbao, Ana Miranda, Catherine Greze, Francçois Alfonsi eta Raul Romeva europarlamentariak, Estrasburgon, atzo. BERRIA.
jokin sagarzazu
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herriko bake prozesuari buruzko konferentzia bat egingo dute hilaren 29an Bruselan, Europako Parlamentuak han duen egoitzan. Antolatzaileek azaldu dutenez, helburua da «Aieteko bake konferentziari jarraipena ematea eta nazioartearen babesa bilatzea, Euskal Herrian abian den bake prozesuari bultzada bat emateko». Aieteko Konferentzia. Euskal Herriko bakerako bide-orri bat? izango du izenburu konferentziak, eta Jonathan Powell mintzatuko da—Aieteko Adierazpena sinatu zuten nazioarteko sei pertsona ospetsuetako bat da Powell—. 09:00etatik 11:00etara izango da solasaldia, Europako Parlamentuaren Bruselako egoitzan.

Parlamentuko Friendshipek eta Europako 30etik gora alderdi biltzen dituen ALE Europako Aliantza Libreak antolatu dute konferentzia. Halaber, egitasmoa babestu dute Europako Parlamentuko ALEko, Berdeetako, Alderdi Liberaleko eta Europako Ezker Batuko 27 parlamentarik; besteak beste, Europako Parlamentuko presidenteorde Alexander Alvarok, Alderdi Liberako buru Graham Watsonek, Berdeetako kide Jose Bovek, Sinn Feineko Bairbre de Brunek eta CIUko Ramon Tremosak.

Europako Parlamentuak Estrasburgon (Frantzia) duen egoitzan aurkeztu dute ekimena. Han izan dira, Izaskun Bilbao EAJko europarlamentaria, Ana Miranda BNGkoa, Catherine Greze eta François Alfonsi Berdeetakoak eta Raul Romeva ICVkoa.

Komunikabideetara igorritako ohar batean, Friendshipek adierazi du Europako Batasunak eta Europako gainontzeko instituzioek «eginkizun garrantzitsua» dutela euskal auzian. Hori hala, instituzio horiei dei egin die «Europako azken gatazka armatua konpontzeko abian den bake prozesua babesteko».

Iazko urriaren 17an Donostiako Aieteko jauregian eginiko konferentziaren garrantzia nabarmendu du Friendshipek, eta hilaren 29an Bruselan egingo den konferentzia babestu duten taldeek eta parlamentari guztiek Aieteko Adierazpenarekin bat egiten dutela.

Atzo kaleratutako oharrean, Friendshipek Aieteko Adierazpenaren bost puntuak jaso ditu, banan-banan, eta gogorarazi du adierazpenaren lehen puntuari erantzun ziola ETAk, jardun armatuaren amaiera jakinarazteko, urriaren 20an kaleratutako oharraren bidez.

ETAren jardun armatuaren amaierak, baina, ez du oraindik erantzunik jaso Frantziako eta Espainiako gobernuen aldetik. Aieteko Adierazpenaren bigarren puntuak jardun armatuaren behin betiko amaierari erantzuteko eskatzen die bi gobernuei; hain zuzen ere, «gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko» ETArekin.

Powellekin batera adierazpena sinatu zuten Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi izandako Kofi Annanek, Norvegiako lehen ministro ohi Gro Harlem Brundtlandek, Irlandako lehen ministro ohi Bertie Ahernek, Frantziako Barne ministro ohiPierre Joxek eta Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak.

Bilbao, Euskal Herrira begira

Estrasburgon eginiko agerraldian, Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak gogoratu du Aieteko Adierazpenak ere jasotzen duela biktima guztien aitortza eta berauen laguntzan eta berradiskidetzean urrats sakonak egiteko beharra. Alor horretan, Europako instituzioek lagun dezaketela adierazi du.

Hilaren 29an Bruselan egingo den ekimena babestu duten parlamentarientzako esker hitzak izan ditu Bilbaok, baina nabarmendu du zerrenda handitu ahal izateko «oso garrantzitsua» dela ETAk desegin egin behar duela iragartzea eta Euskal Herriko eragileen artean «bat egite zabalak lortzea». «Alderdikeriaz jokatzeari utzi behar diogu prozesu honetan parte hartzen ari garen eragile guztiok. Lidergo argi bat behar dugu Euskadin, eta horrek behar du instituzioetako gehiengoek bat egitea gehiengo sozialarekin». «Horrek eramango gaitu Europatik zer nahi dugun hobeto zehaztera», adierazi du parlamentari jeltzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.