Arnasa Gara

Ainhoa Etxebarria: «Erdaretara jotzeko baino, erdaretako zenbait berba erabiltzeko joera dagoela esango nuke»

Zortzi asteren ondoren, gaur egin dute Arnasa Gara kanpainako azken elkarrizketa digitala, Ainhoa Etxebarriarekin. Lehen hitzak dakar bigarrena ikus-entzunezko pilula izan dute hizpide.

Ainhoa Etxebarria, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2021eko maiatzaren 11
16:16
Entzun

Zortzi asteren ondoren, gaur amaitu da Arnasa Gara kanpaina. Martxoaren 18an aurkeztu zuten: Uemaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean martxan jarritako proiektu bat da, eta bide ematen du udalerri euskaldunetan ohikoak diren zenbait testuingururen inguruan eta arnasguneen garrantziaren inguruan hausnartzeko. Hiru Damatxo ekoiztetxeak egindako zortzi bideo izan dira kanpainaren ardatza, eta aste honetan bertan zabaldu dute azkena: Lehen hitzak dakar bigarrena. Hain justu ere, ikus-entzunezko pilula hori izan dute hizpide gaur egin duten azken elkarrizketa digitalean: Ainhoa Etxebarria irrati esatari, aurkezle eta antzezlearekin egin dute, eta jada ikusgai dago BERRIAren Instagram kontuan.

Graxi Arregi, Erika Olaizola eta Iratxe Urkiaga antzezleak eta Ainhoa Etxebarria bera dira protagonista azken bideoan. Sagardotegi baten kanpoaldean ageri dira. Euskaraz ari dira horietako hiru, baina laugarrena iristen denean erdararako urratsa egiten dute guztiek. Maiz gertatzen den egoera horixe islatzen du, hain zuzen, bideoak: euskaldunen artean modu naturalean euskaraz aritu arren, askotan, lagunartera erdaldun bakar bat iritsi, eta aski izaten dela euskaldunon hizkuntza ohitura guztiak aldatzeko. Horrela, «erdalduna euskarara erakarri beharrean, euskaldunak hasten dira erdaraz, euskara bigarren mailako hizkuntza bihurtuz eta euskara zubi bat ere badela ahaztuz», adierazi dute esketxarekin batera.

Etxebarriak aipatu duenez, erabat islatuta sentitu da ikus-entzunezkoan agertzen den testuinguruarekin. Gizartean sarritan gertatzen den egoera bat dela esan du, eta bere lagunartean ere bizi izan duela antzekorik: «Kuadrillan italiar bat dugu. Gaztelera eta euskara ikasi ditu, baina euskara ez du guztiz menperatzen oraindik. Kasu horretan, bereziki gaztelaniaz hitz egiten dugu harekin, eta euskarazko esaldiak ere nahasten ditugu». Hala, esketxean bertan girotu duten egoera bera deskribatu du, baina aitortu du askotan euskaraz mintzatzera pasatzen direla lagun italiarra bertan dagoela ahaztuta: «Sarritan ahaztu egiten zaigu bera hor dagoela, eta euskarara pasatzen gara. Orduan, zerbait ulertzen ez duenean, galdetu egiten digu, eta guk itzuli egiten diogu esan berri dugun hori».

Hala ere, aipatu du errealitate hori Ondarroarekin (Bizkaia) eta bere kuadrillarekin lotzen duela, eta herritik irtetean aldatu egiten dela sentipen hori. Kasurako, Donostia eta Bilbo jarri ditu adibidetzat. Bi hirietan bizi izan da, eta haren hitzetan, «oso desberdina da» ingurune horietan dagoen joera. Adierazi du udalerri horietan jarrera kontzienteago bat behar dela euskarari eusteko, eta askotan norberari dagokiola hori. Hain justu ere, Nor da Tomas Hidalgo esketxa izan dute hizpide gogoetagai horretan; izan ere, Etxebarria bera agertzen da pilula horretan, eta euskarari kontzienteki eusten dion pertsonaia bat interpretatzen du: «Askotan gertatzen zait hori… Nire itxura ikusi, eta jendeak pentsatzen du ez dakidala euskaraz. Horrelakoetan esaten diet nirekin lasai hitz egin dezaketela euskaraz».

Gazteen hizkuntza ohituren inguruan ere hitz egin dute, eta Etxebarriak azaldu du bere inguruan ez duela sumatzen gero eta erdaretarako joera gehiago dagoenik, alta, bai erdarazko zenbait berba edo kontzeptu erabiltzeko joera: «Erdaretara jotzeko baino, erdaretako zenbait berba erabiltzeko joera dagoela esango nuke». Hala ere, esan du sareetan eta bestelako plataformetan dituzten erreferenteei erreparatuz gero agian aldatu egingo litzatekeela irudipen hori. Arnasguneei dagokienez, azkenik, Arnasa Gara kanpainaren bitartez ezagutu duen kontzeptu bat dela aitortu du, nahiz eta arnasguneen esanahiak biltzen duen ideiarekin lehenagotik bat etorri: «Konturatzen nintzen zenbait udalerri arnasguneak zirela, euskara bizi-bizirik zegoela udalerri horietan, baina ez nuen kontzeptu horrekin lotzen».

Zortzi pilula, zortzi gonbidatu

Azkena izan da Ainhoa Etxebarriaren elkarrizketa. Aurrez, astez aste egin dituzte zuzenekoak, bakoitza aste horretan zabaldutako ikus-entzunezko pilularen inguruan. Hausnarketa interesgarriak eta bizipen gogoangarriak partekatu dituzte guztiek, eta, besteak beste, arnasguneen garrantziaz eta testuinguru zailetan ere euskarari eustearen garrantziaz hitz egin dute. Antton Telleriarekin hasi zuten elkarrizketa sorta –Euskara da gure postalik ederrena–, eta ondoren egin zituzten, hurrenez hurren, Aitziber Garmendiarena –Hitanoarekin, busti gehiago–, Sambou Diabyrena –Ongi etorri euskararen herrira–, Xabier Gutierrez Xsakara musikariarena –Nor da Tomas Hidalgo?–, Erika Olaizolarena –Euskararekin ezin galdu–, Ander Lipusena –Mediku bakoitzak bere orrika– eta Iratxe Urkiagarena –Euskararen tximeleta efektua–.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.