Bederatzi herrialdetako gobernu ordezkariek eta Europako Batasuneko Ingurumen komisarioak bilera egin dute gaur Bruselan, aire kutsaduraren inguruan hartu nahi dituzten neurriak aurkezteko asmoz. Hain zuzen ere, Bruselak aire kalitate txarrenaz ohartarazitako bederatzi herrialdeak egon dira bileran Karmenu Vella Ingurumen komisarioarekin: Txekiar Errepublika, Alemania, Frantzia, Espainia, Italia, Hungaria, Errumania, Eslovakia eta Erresuma Batua.
Aire kutsaduraren mugak gainditu dituzte herrialde horiek hainbat hiritan, bereziki, NO2 (nitrogeno dioxidoa) eta PM10 partikulen pilaketagatik. Aire kutsaduraren arazoa larritzat jo du berriro ere Vellak, eta hargatik 400.000 europar "behar baino lehenago" hiltzen direla gogoratu du. Aldi berean, gaixotasunek eta lan absentismoak ere arazo ekonomiko handia dakarkie Europako erakundeei. "Gure lehentasuna herritarrak babestea da", ohartarazi du Vellak, herrialdetako ordezkariak aurkeztutako neurriak baloratzerakoan. Izan ere, ez direla inola ere nahiko ohartarazi du Ingurumen komisarioak. "Estatukideek zerbait egiteko erantzukizuna dute", adierazi du.
Hurrengo astearen bukaerara arteko epea eman die komisarioak bederatzi gobernuetako ordezkariei. Bestela, Europako Justizia Auzitegira joko duela berretsi du. Bruselak gogorarazi du 27 herrialdeetatik 23tan antzeman dituztela aire kutsadura kasuak, 130 hiritan hain zuzen ere. Egoerarik larriena gaur bileran izan diren bederatzi herrialde horietan dago, baina arazo orokorra da Europako Batasun osoan. Europak 2009an hasi zen ohartarazten herrialde hauek aire kalitate txarraren arazoarengatik, eta ia urtero egin die ohartarazpen bera. Azken ohartarazpena 2017ko otsailean egin zien Bruselak, eta abisua eman zien, "azken ohartarazpena" izango zela justiziara jo aurretik. Astebete dute oraindik zerbait egiteko.