kutxadura

Airearen kalitatean Bilbo da “kezka nagusia" Jaurlaritzarentzat

Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak hausnartu du airearen kalitatea, oro har, “hobera” doala. Bilboko kutsadura ibilgailuek eragiten dutela gaineratu du, eta hori zuzentzeko neurriak hartu dituztela.

Bilboko hirigunean nitrogeno dioxido kutsadura antzeman zuten 2017an. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jon Rejado.
2018ko irailaren 24a
07:11
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek arnasten duten airea kalitate onekoa da. Hala ezagutarazi du Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak. Are gehiago, azken urteetan airearen kalitatea “hobera” egin duela hausnartu du. Hala ere, hobetzeko aukera dagoela gaineratu du. Horren barruan Bilbok eragin du “kezka nagusia" Ingurumen Sailean.

Eusko Jaurlaritzak 53 estazio erabiltzen ditu airearen kalitatea aztertzeko, zazpi gai kutsatzaile bilatuz: 2,5 eta 10 mikrako partikula esekiak, nitrogeno dioxidoa, sufre dioxidoa, karbono monoxidoa, troposferako ozonoa eta bentzenoa. 2017an bi estaziotan gainditu ziren legez ezarritako mugak bi kutsatzailetan. Hala ere, Morenok azaldu du datu horiek ez direla “bat ere kezkagarriak”.

Kutsadura kasu bat Bilboko hiriguneko estazioan gertatu zen. Nitrogeno dioxidoagatik kutsadura antzeman zuten. Morenok azaldu du kutsadura hori ibilgailuek eragin zutela, eta, dagoeneko, bertako airearen kalitatea hobetzeko neurriak hartu dituztela. Bestetik, mugak gainditu zituen bigarren kutsadura kasua Muskizen (Bizkaia) gertatu zen. Sufre dioxido maila altua antzeman zuen bertako estazioak, Petronor lantegian egondako isuri baten ondorioz.

Azkenik, Morenok gogora ekarri du, indarrean dagoen araudiak muga batzuk ezarri arren, Osasunaren Mundu Erakundeak beste batzuk aholkatu dituela. OMEren gomendioa kontuan hartuta datuak aldatzen direla azaldu zuen: estazioen laurden batek 2,5 mikrako partikula esekien kutsadura antzeman zuen; estazioen %12k 10 mikrako partikula esekien kutsadura; eta %2k nitrogeno dioxidoarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.