Aita batek aurrena uko egin zion seme adingabearen tumore baten kontrako tratamenduari; gero, tratamendua mantsotu egin zuen. Semea hil egin zen. Nafarroako 2. Zigor Epaitegiak bi hilabete eta 28 eguneko kartzela zigorra ezarri dio horregatik. Kartzela zigorra bete ordez, 1.056 euroko isuna ordainduko du. Apirilaren 2an egin zuten epaiketa.
Guraso ahalari dagozkion betebeharrak ez betetzeagatik zigortu du epaileak aita hori. «Gurasoari dagozkion funtzioei uko egin zien bere portaerarekin: hasieran, etengabe baztertu zuen semeak medikuek agindutako tratamendua jasotzea; gero, prozedura judiziala hartzen ari zen itxura ikusita, ez zuen eragotzi adingabeak tratamendua jasotzea, baina ez zuen erraztu eta lagundu», nabarmendu du epaileak. «Horrek guztiak esan nahi du alde batera utzi zituela guraso gisa dagozkion funtzioak, semea eta haren osotasun fisikoa zaintzea». Aringarri gisa aplikatu dio prozeduraren luzatze ezohikoa eta bidegabea: akusazio idazkia 2022ko otsailaren 22an aurkeztu zuten, baina epaiketa hiru urte geroago egin zen.
Semeari osteosarkoma bat antzeman zioten 2019ko uztailean, ezkerreko belaunean: hezurrak osatzen dituzten zeluletan agertzen den minbizi mota bat da. 17 urte zituen. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Onkologia Zerbitzuak proposatu zien aurrena kimioterapia jasotzea, gero kirurgia bidez tumorea kentzea, eta, azkenik, berriro kimioterapia jasotzea. Epaiaren arabera, aitak «behin eta berriz» uko egin zion semeak tratamendua jasotzeari. Hori ikusita, ospitaleko arduradunek Adingabeen Fiskaltzari egoeraren berri eman zioten. Fiskaltzak auzi eske bat aurkeztu zuen Lizarrako Lehen Auzialdiko Lehen Epaitegian, neurriak har zitzan.
Trabak
Epaitegiak mutilari tratamendua ematea onartu zuen abuztuaren 20an. «Hala ere, aitak, semearengan zuen eragina baliatuz eta haren erabakia baldintzatuz, etengabeko trabak jarri zituen, adingabeak agindutako premiazko tratamendua jaso ez zezan», zehaztu du epaiak. Semea tratamendu alternatibo bat jasotzen ari zela esan zuen, baina ez zuen tratamendu horri buruzko informaziorik eman.
Semea hil egin zen 2022ko urtarrilean. Tumorea okertu egin zen, eta mutilaren gorputzean zabaldu. 2020an hanka moztu zioten.
Epaileak aitaren jokabideari egotzi dio tratamendua atzeratzea, semearen ostosarkoma okertzea eta bizirik irauteko aukera txikitzea. Onartu du ezin daitekeela jakin zer gertatuko litzatekeen mutilak minbizia diagnostikatu ziotenetik agindutako tratamendua jaso izan balu; baina uste du egiaztatu dela aitaren jokabideak tratamendua atzeratu zuela eta tumorea okertu zuela. Epaiketan, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko onkologo batek halako kasuei buruzko ikerketa zientifikoak aipatu zituen; auzi medikuak txostena aurkeztu zuen. Ondorioztatu zuten mutilari antzemandako minbizi mota izan zutenen kasuan hasieratik tratamendua jaso zutenen artean lautik hiruk (%74) bizirik jarraitu zutela; mutilaren moduan tratamendua geroago jaso zutenen artean, ordea, %27k lortu zuten bizirik irautea.
Epaileak nabarmendu du aita une oro egon zela semearekin, semeaz arduratu zela, haien arteko harremana estua zela eta aita ezinbesteko erreferentzia zela semearentzat: «Baina okertu egin zen, eta ez zuen bete legez ezarritako laguntza emateko betebeharra».