Aitor Esteban: «EAJren jarduna eredugarria izan da»

Erredakzioa
2018ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
De Miguel auzian ez dela EAJren finantzaketa epaitzen, baizik eta alderdi horrekin «harreman mota ezberdinak izan zituzten pertsona batzuk». Hori adierazi du Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen eledunak. Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, azpimarratu du EAJk «erantzun eredugarria» eman zuela «auzia ezagutzera eman zen momentutik» eta hori gertatu zela «beste alderdi batzuetan hartu ez diren erabakiak» hartu zituztelako.

Estebanek gogoratu du alderdi jeltzalearekin lotura zuten auzipetu guztiek beren erantzukizun publikoak eta barne karguak utzi zituztela «ia berehala», eta alderdikide txartelak ere itzuli zituztela gero. Gaineratu du auzi hori dela-eta EAJk bere estatutuak gogortu zituela, ustelkeria kasuekin loturiko egoeretarako.

Estebanek adierazi du instrukzio prozesu osoan «argi eta garbi» geratu dela auzipetuek ez zutela EAJ finantzatu beren jardunarekin. «Inongo txostenetan ez da EAJ erakunde gisa agertzen, ez da EAJren finantzaketa aztertzen. Ezer frogatzekotan, EAJren finantzaketarekin zerikusirik ez duten banakako jardun pertsonalak izango dira».

Estebanek gogora ekarri du sumarioa noiz hasi zen —EAJk Jaurlaritza galdu berritan— eta ikerketak zenbat iraun duen. «Zortzi urte daramagu. Hau guztia askoz lehenago argitu ahal zen. Justizia bidezkoa izango bada, arina izan behar du». Auzipetuen errugabetasun presuntzioa errespetatu behar dela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.