Aitor Franco gazte errenteriarra Martuteneko espetxean kartzelatu dute, bertan bere burua aurkeztu ondoren. Espainiako Auzitegi Gorenak Francoren beraren eta Oiartzualdeko beste lau gazteren aurkako seina urteko espetxe zigorrak berretsi zituen iazko abenduan, eta atzo eguerdira arte zuten beren burua espetxean aurkezteko. Martutene aurrean, Eleak mugimenduak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian auzipetuen senide eta lagunek. Protesta amaitu ondoren sartu zen espetxean gaztea, han bildutakoen elkartasun eta babes keinuen artean.
Francoz gain, auzi berean zigortutako beste hiru lagun daude espetxean: Maitane Linazasoro, Arkaitz Antza eta Xabier Lujanbio. Ezkutatzeko erabakia hartu zuten haiek, eta urtarrilaren 19an Donostian eginiko manifestazio batean agertu ziren. Egun horretan bertan atxilotu eta espetxeratu zituzten. Hortaz, zigorra berretsitako bost gazteetatik bakarra dago aske: Aitor Alberdi.
Antzeko egoeran daude Donostiako beste hamabost gazte. Auzitegi Nazionalak seina urteko kartzela zigorra ezarri zien iaz, Segiko kide izatea egotzita. Auzitegi Gorenak atzo aztertu zuen auzia. Zigorrak berresteko eskatu zuen fiskalak, eta absoluzioa defentsak.
Tortura eta autoinkulpazioak
Bigarren aldia da Gorenak auzia aztertzen duena. Iazko urrian Auzitegi Nazionalari eskatu zion aurretik kaleratutako epaia berriz aztertzeko, defentsak aurkeztutako frogak ez zituelako aintzat hartu. Auzitegiak, halere, zigorra berretsi zuen. Hamabost gazteak aske daude gaur egun, Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain.
Errenteriako gazteen kasuan bezala, haien aurkako froga «bakarra» atxilotu eta inkomunikatu zituztenean «tortura bidez» lortutako autoinkulpazioak dira, atzo arratsaldean, Torturaren Aurkako Egunaren harira, Donostiako Artzain Onaren plazan eginiko elkarretaratzean salatu zutenez. Euskal gazteria libre eta legala, torturarik ez lelopean hainbat herritar bildu zen; tartean, Donostiako udal gobernuko zenbait kide. Aurreko astean, Bilduko eta Aralarreko Gipuzkoako batzarkideen babesa jaso zuten.
Pello Lamarca, Mikel Arretxe, Unai Perez, Egoi Alberdi, Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola, Asier Mariezkurrena, Imanol Ander Vicente, Nahikari Otaegi, Urko Picaza, Beñat Apalategi, Igor Alvarez, Ekaitz Ezkerra eta Ekaitz Ibero dira Gorenak aztertu duen epaian zigortutakoak. Iberoren kasuan, baina, aurretik ere lau urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarria zioten, eta, beranduenez, aurreko asteko asteazkenean bere burua entregatzeko agindua zuen. Astelehenean, Ertzaintza haren etxean izan zen, atxilotzeko asmoarekin, baina gaztea ez zegoen bertan.
Aitor Francok bere burua aurkeztu, eta espetxeratu egin dute
Donostiako beste hamabost gazte espetxeratzeko arriskuan daudela ohartarazi dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu