Castello II espetxean (Albocasser) dago Aitor Fresnedo presoa; Etxerat-ek salatu duenez, "funtzionario batzuek jipoitu" egin dute. Elkarteak jakinarazi du Fresnedo eta Harriet Iragi bakartuta daudela; Iragi joan den ostegunetik, eta Fresnedo ostiraletik.
"Bakartze egoera oso gogorrean" daudela salatu du Etxerat-ek. Elkarteak azaldu duenez, ziega egunean hiru aldiz miatzen diete; edozein lekutara joateko, sei funtzionario izaten dituzte atzetik, eta funtzionario horien "probokazioak etengabeak" dira.
Etxerat-ek esan du atzo funtzionario horietako bat Fresnedoren ziegara joan zela eta argia pizteko eskatu ziola. Fresnedok, argi natural nahikoa zegoela argudiatuz, ezezkoa eman zion. Etxerat-en arabera, beste bost funtzionario joan ziren ziegara, eta seien artean ohera bota zuten Fresnedo. "Eskuak zabalik, buruan eta saihetsetan jo zuten", azaldu dute.
Horrekin batera, Etxerat-ek jakinarazi du Fresnedok gaixotasun bat duela, ebakuntza beharra duela eta hiru urte daramatzala ebakuntza egiteko zain.
Eraso ziotenean, Iragi zer gertatzen zen galdezka joan zen, eta "funtzionarioek hitzezko jarrera oso bortitzarekin erantzun zioten", iturri beraren arabera.
"Denbora gutxian euskal preso politiko batek jasaten duen hirugarren erasoa da honako hau. Hau ezin da onartu", esan du Etxerat-ek.