Gauza askotan aitzindaria izan da Ximun Haran. Aitzindaria eta irakaslea, gertutik ezagutu duten lagunen arabera. Haietako bi dira Xipri Arbelbide idazlea eta Panpi Ladutxe pilotaria. BERRIAri azaldu diotenez, Iparraldean euskaltzaletasuna piztea izan zen Haranen kezka nagusia. Hortik edaten zuen, eta hori kantugintzara, kirolera, politikara eramaten saiatu zen.
Pilotari zela ikusia zuen, baita kantuan ere, baina «bereziki» Enbata aldizkariaren bitartez ezagutu zuten elkar Xipri Arbelbide idazleak eta Ximun Haranek. Arbelbideri, baina, Haran ezagutzeko irrika Enbata sortu aurretik piztu zitzaion, Herria aldizkarian idatzitako artikulu baten bitartez. «Hori irakurri eta, esan nuen 'begira, baduk beste bat hik bezala pentsatzen duena'».
Piarres Xarriton, Jean Louis Davant eta Ximun Haran. Horiek dira, Arbelbideren iritzian, abertzaletasunaren «sortzaileak» Ipar Euskal Herrian. «Haiek iritsi arte deusik ez zen hemen». Ez, behintzat, alor politikoan. «Hegoaldean bazegoen Sabino Arana Goiri, eta hemen Ximun Haran izan zen». Hark sortu zuen Enbata mugimendua izan zen, Alberbideren iritzian, gerora etorriko ziren «beste guztien» aitzindaria. «Gero, bakoitzak bere ibilbidea egin du, baina hori da gure iturria». Eta Enbata aldizkariaren sorrera ezinbestekotzat jo du idazleak. Kazeta horren lehen zenbakia ondo gogoan du oraindik: «Orri baten bi aldeak besterik ez zen lehen zenbakia. Hura izan zen lehen kazeta politiko abertzalea Ipar Euskal Herrian. Euskaldun jendeari banatu zitzaion, eta harrituta begiratzen zioten; batzuk alde zeuden, besteak kontra, baina hortik ikasi da».
Ordutik, Arbelbide eta Haran beti egon dira harremanetan. «Gauza batzuetan ez ginen ados, baina abertzaleak gara», azaldu du Arbelbidek. Haran politikoki eskuineko ideologia zuela dio, eta horrek hainbat gaitan urruntzen bazituen ere, ideologia abertzaleak batzen zituela nabarmendu du. «Politikan beti dago eskuina eta ezkerra, baina ez dago herri bat hori gabe. Euskal Herrian nahi dugu denok alderdi berekoak izatea, baina hori ez da inon izaten». Garai zailak ere gogoratzen ditu Arbelbidek. Frantziako Gobernuak Enbata mugimendua debekatu zuenekoa, adibidez. Arbelbideren hitzetan, orduan erabaki zuen Haranek mugimendu hori uztea eta EAJrekin zerbait egitea Iparraldean. «Francoren garaia zen», gogoratu du. Azken urteetan Haranek politika publikoa utzia zuela dio Arbelbidek, baina ez erabat. «PNVrekin ez zen biziki gehiago biltzen. Baina bistan da kezka abertzaleak bazituela, euskararekin loturikoak, bereziki. Eta behin horiek badituzula ez dituzu inoiz gehiago galtzen».
Sutondotik pilotalekura
Haurra zelarik azaldu zen ladutxetarren etxean. Soinua grabatzeko «tramankulu» batekin. Aita zena kantuan grabatu nahi zuen Haranek, eta hala egin zuten sukaldeko suaren ondoan. Gerora ere ikusi zuen gizon hura Panpik, euren etxean berriz, familiak zuen trinketean. «Haran miresten nuen». Bi oroitzapen horiek markatu dute Ladutxen bizitza. Luze mintzatu da, hunkiturik. «Asko lagundu ninduen pilotan eta kantuan, bereziki pilotan Hegoaldean hasi nintzenean».
Haran aitzindari izan zen hainbat alorretan. Euskal pilotan, adibidez. «Indar berezia eman zion, prestakuntzari eta teknikari, eta asko irakatsi zigun ondoren etorri ginenei». «Haran ez da nornahi», dio Ladutxek. Eta pilotan bezala, euskal kulturaren alde eginiko lana nabarmendu du. «Haranek Hegoaldeko ateak ireki zizkigun Iparraldeko euskaldunoi. Mugarik ez zela esan zigun».
Aitzindaria eta irakaslea
Jorratu zituen alor guztietan txertatu zuen bere nortasuna: politikan, pilotan, kantuan... Haran ezohiko pertsona zela diote ezagutu zutenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu