Akademiak irakasle postuak kentzea onartuta EEPk hondoa jo duela dio Ikas-Bik

Ikas-Bik uste du Parisek eskola publiko elebidunari muzin egin diola; herriz herriko kanpaina bultzatuko du

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Ikas-Bi eskola publikoko gurasoen elkarteak itsasontzi bat hautatu du sinbolikoki haren haserrea plazaratzeko. Itsasontziaren parabola baliatuz, Frantziako Hezkuntza Ministerioak eskola publiko elebiduna zorabiatzen duela jakinarazi zuen Thierry Delobel Ikas-Biko presidenteak. Eskola publiko elebidunarekin batera, Euskararen Erakunde Publikoaren hizkuntza politikak ura hartu eta hondoratzeko bidean dagoela azaldu zuen. Azkenik, Ikas-Bik unamak askatu eta ur handietan aritzeko prestasuna duela jakinarazi zuen.

Paueko Akademia Ikuskaritzak ez du oraindik jakitera eman zenbat postu kenduko dituen heldu den eskola sartzean. Hala ere, murrizketa bakar bat ez dutela onartuko jakinarazi zuen Delobelek atzoko agerraldian. «Murrizketa dagoen eskola orotan protesta eginen dugu». Irakaskuntza elebiduna garatzeko engaiamendua hartu bazuen ere, Frantziako Hezkuntzak baliabideak murrizten ditu. Akademia ikuskariak erran zuen onartuko zuela irakaskuntza elebiduna garatzea, baina frantsesezko lanpostuetatik hartuz euskarazko lanpostuak betetzeko.

Mixel Esteban Ikas-Biko koordinatzailearen iritziz, politika hori ezin da horrela garatu. Familiaren barruan euskararen transmisioa eten dela azpimarratu zuen. Horrela, gizarte harremanetarako hizkuntza frantsesa delarik, euskara eskola hizkuntza bihurtzen da kasurik hoberenean. Ikasgeletan haurrak metatuz, ezinezkoa bihurtzen da kalitatezko eskaintza bermatzea.

Gainera, legeak parekotasunera behartzen ditu eskolak, frantses eta euskara oren kopuru berak eskainiz. Estebanek adierazi zuen euskararen aldeko eragina lortu nahi bada eskola elebidunean ere murgiltze eredua indartu behar dela. Murgiltze eredua gela barruko erabilerara mugatzen da, hala ere, eskola laguntzaileak eta langileak herriko etxeetako langileak direlako.

EEPk porrot

Hizkuntz politikaren bihotzean belaunaldi gazteen euskalduntzea ezarri zuen EEPk lehentasun gisa. Eskola publikoa dagoen baldintzetan, ikasleak metatuz eta irakasle postuak kolokan jarriz, helburu hori ezinezkoa dela azaldu zuen Delobelek. EEPko langileek tokiko errealitatea ezagutu ez, eta urratsik ez dela nabarmendu ondorioztatu zuen. «Ez diot errua botatzen presidente berriari, baina hasieratik hartutako bide teknokratak hona ekarri gaitu», adierazi zuen Max Brisson EEPko presidente ohiari zeharkako erreferentzia eginez.

Horren aitzinean, geldirik egoteko asmorik ez duela azaldu zuen Ikas-Bik. Otsailetik apirila bukaera arte gurasoen arteko bilkurak antolatuko ditu Ikas-Bik, herriz herri. «Ez du balio teknokrata batek plangintza aurkeztea irakasle bati; gurasoek duten esperientziaren lekukotasuna eman behar diete guraso berriei».

Ikas-Bik uste du guraso berriei informazio zuzena emanez gero gela eta eskola elebidun berriak sortzeko aukera dagoela. Aldiz, prozedura aldatu beharko litzatekeela dio. Izan ere, gaur egun irakasle xume batek eragotz dezake eskola elebidun bat irekitzea. Eskaintza orokortzea litzateke aterabidea, baina horretarako EEPk jorratu beharko luke bidea. Anartean, ama eskoletan «murgiltze» eredua «esperimentazio» gisa baliatzeko aukera indartzea eskatzen du Ikas-Bik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.