Akats nabarmena ukan du igandeko polizia operazioak

Epaileak frogak baliagarri diren ebatzi beharko du Poliziak bost poltsa ahantzi ondoren aparkalekuan

Aitor Renteria.
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbide atxilotu ondoren, Frantziako Poliziak hoteleko aparkalekuan ahantzi zituen bi ustezko etakideei atzemandako frogak. Orotara, plastikozko bost poltsa utzi zituzten, eta barnean hainbat poltsa, Poliziaren zigiluarekin. Berria segitzen ari ziren kazetariek atzeman zituzten Poliziak alde egin ondoren. Barnean, atxiloketan hartutako material ugari zegoen: bertzeak bertze, argazki kamera bat, eskuko ordenagailu bat, motxila hutsak, memoria txartelak, balak, pistola bat eta nortasun agiri faltsu bat. Poliziak froga horiek galdu izanak horien balioa indargabetzen ote duen aztertu beharko du epaileak.

Izan ere, babestu behar zituzten frogetatik urrundu ziren poliziak, babesik gabe utziz. Kazetariek eskuan hartu zituzten frogak. Alta, telebistak erakutsitako irudiek ez dute argitzen zigilua zuen poltsaren bat ireki zuten edo ez. Defentsak frogak aldatuak izan direla argudia dezake, eta prokuradoreak frogatu beharko du nehork ez dituela zigiluak hunki edo poltsak ireki. Azken erabakia epailearen esku geldituko da.

BERRIAk zenbait abokatu deitu ditu frogak ahazteak horien indargabetzea eragin dezakeen jakiteko, baina abokatuek ez dute haien iritzia eman nahi izan, ez dakitelako zehazki zein egoeratan dauden froga horiek, norbaitek zigiluren bat hautsi duen. Poliziak bildutako materialaren zerrenda zehatza egiten du, eta ez dirudi erraza frogatzea norbaitek zerrendaturik ez zegoen poltsaren bat sartu ahal izan duen.

Polemika sortu duen bertze elementu bat izan da ordua. Frantziako legeak ez du baimentzen etxe batera sartzea gaueko hamarrak eta goizeko seiak bitartean. Baina lege aldaketaren ondorioz, poliziak argudiatu dezake jarraipen operazioan ari zirela eta funtsezkoa zela legearen salbuespen hori baliatzea. Salbuespen hori zorrotz bete dela frogatu beharko dute poliziek, atxiloketa legez kanpo egin dela erran dezakeelako defentsak.

Frantziako Poliziak gaur eramanen ditu Lesaka eta Iturbide Dijoneko polizia etxetik Parisera. Frantziako legearen arabera, lau egunez atxiki ditzakete galdekatzeko. Igande goizaldean izan zenez atxiloketa, ostegunera arte atxiki ditzakete ondorioz, epailearengana eraman aitzin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.