«Akatsaren tamainaz jabetzeko» eskatu dio Morenok Aralarri

Negoziazioa hausteko azalpenik ez diela eman salatu du ezker abertzaleak, eta erabakia aldatzeko eskatu dioIñigo Urkulluk txalotu egin du Aralarren erabakia, eta EAk beto oro gaitzetsi du

Txelui Moreno eta Gorka Mayo, atzo Iruñean egindako prentsaurrekoan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
«Ez dugu amore emango». Iruñean egindako prentsaurrekoan, Txelui Moreno eta Gorka Mayo ezker abertzaleko kideek aitortu dute harriduraz hartu dutela asteazkenean Aralarreko zuzendaritzak ezker abertzalearekin hauteskundeen inguruan akordioa lortzeko aukerari atea itxi izana. Hala ere, bi ordezkariek berretsi dute Nafarroan ezkerrekoa eta abertzalea den eremua bateratzeko lanean jarraituko dutela, eta horregatik Aralarri«bere akatsaren tamainaz» jabetzeko eta erabakia aldatzeko eskatu diote. «Aralarren betoa txalotu duen eragile bakarra EAJ izatea hausnarketa egitera eraman beharko lituzke».

Azaroaren 14an, duela 50 egun, ezker abertzaleak Aralarri, EAri eta beste hainbat eragileri hurrengo hauteskundeetan elkarlanean aritzeko proposamena helarazi zien. Abenduaren 11z geroztiz, akordio hori lortzeko oinarri programatikoen inguruko proposamena publiko eginez geroztik,lau bilera egin dituzte Aralarreko ordezkaritzarekin.

Bertan alde bakoitzak bere jarrera argi utzi zuen hasieratik. Aralarrek hauteskundeei begira Nafarroa Bai ez den beste koalizio bat eratzeko aukerari ezezkoa eman zion. «Gure posizioa, berriz, argia izan da hasieratik: subjektu berria osatzea hobe dela pentsatzen badugu ere, hori ez da inoiz oztopo izango akordioa erdiesteko baldin eta edukien gainean akordioa badago», azaldu du Mayok.

Abenduko bilera horietan, Nafarroan aldaketa lortzeko faktoreen inguruan hitz egin dute bi alderdiek, eta hiru dokumentu trukatu dituzte elkarrekin: bata, ezker abertzalearen Nafarroa 21 proposamena; bestea, Aralarren «hiru gairen inguruko idatzia»; eta hirugarrena, idatzi horri ezker abertzaleak egindako ekarpenak. Dokumentu hori abenduaren 30ean igorri zion ezker abertzaleak Aralarri —ikus goiko testua—.

Gorka Mayok eta Txelui Morenok azpimarratu dute Aralarrek berak eskatu ziela elkarrizketokisilean egitea. Abenduaren 30az geroztik ez zuten erantzunik jaso, harik eta Aralarrek urtarrilaren 4ko gauean biharamunerako deitutako prentsaurreko batean negoziazioak hautsitzat emango zituela iragarri zien arte. Txelui Morenoren arabera, oraindik ez diete erabakiaren inguruko azalpenik eman. «Non dira ezadostasunak, non dira oztopo gaindiezinak?», galdetu dio Aralarri.

Argudio falta egotzi diote

Hausteko modua ez ezik, argudiorik ez azaltzea leporatu diote Aralarri. «Ez dugu ulertzen. Gure harridura da gugandik hurbilen dagoen alderdiko zuzendaritzak, arrazoitu gabe, horren inguruan ezadostasunak dituela agertzea», azaldu du Gorka Mayok. Gogoan hartu du abenduaren 30ean ezker abertzaleak aurkeztutako testuak Aralarrek ere proposatutako edukiak dituela, eta azpimarratu du dokumentu hori Aralarrek azaldutako zalantza batzuk argitzeko proposamena zela. Mayoren hitzetan, negoziazioen abiapuntua baino ez da testu hori, balizko hauteskunde programa baten hitzaurrea. «Horregatik, ez genuen uste negoziazioak ia-ia hasi aurretik Aralarrek atea ixtea».

Mayok eta Morenok baieztatu dute ez dutela koalizioan sartzea eskatu, baina berretsi dute lehentasuna edukiek dutela, eta, haien irudiko, NaBairen egungo akordioek ez dituzte Nafarroako aldaketaren gakoak biltzen: «Gu 2007ko eta 2010eko NaBairen akordioen eremu horretan ezin gara sartu, baldin eta ez badakigu akordio horiek minimoki aldatzeko aukera dagoela». Azpimarratu dute edukien gain bada ez dutela arazorik inorekin akordioak egiteko, «deitzen den modura deituta ere». Hala ere, gaineratu dute ezker abertzaleari «betoa jarri dion bakarra» EAJ dela.

Hain justu, Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak atzo Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan «txalotu» egin zuen Aralarren erabakia, «ezker abertzale deritzonak egoera nahasteko zuen asmoari ausardiaz erantzun diolako». Urkulluk koalizioaren barruan Nafarroari bere proiektua «umiltasunez» eskaintzeko borondatea agertu du, eta koalizioak etorkizuna baduela berretsi du. «Horregatik, ez dugu ulertu inork, Troiako zaldia bezala, Nafarroa Bai hausteko bere burua erabiltzen uztea».

EAk, berriz, ez du erabat baztertzen ezker abertzalea koalizioan sartzeko aukera. Herenegun egindako adierazpenetan, Maiorga Ramirezek berretsi zuen EAk «NaBai ireki» baten aldeko konpromisoa duela. «Egungo jokaleku politikoan ezin da betorik proposatu, ez Nafarroa Bairen barruan ez kanpoan». Baldintzak izanez gero koalizioak kide gehiagori ateak irekitzeko EAk duen borondatea azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.