Akordio estrategikoei eustea eta NaBain segitzea erabaki du EAk

Beste hauteskunde konpromisoei uko egin dio Nafarroan, baina indar abertzaleak biltzeko apustu estrategikoa berretsi duGehiengo kualifikatu batek onespena eman dio zuzendaritzak egindako proposamenari

Eusko Alkartasunako nazio batzarra, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
EAk erdibidetik jotzea erabaki du. Gasteizen nazio batzarrean bildutako gehiengo kualifikatu batek onartu du Nafarroan hurrengo legealdirako hauteskunde konpromiso bakarra Nafarroa Bai izatea, eta «Nafarroari dagokionez, beste edozein hauteskunde konpromiso baztertzea». Era berean, Eusko Alkatasunak orain arteko apustu estrategikoari eustea erabaki du. Hala, NaBairen alde egiteak «ez dakar, inolaz ere,indar abertzale, aurrerakoi eta ezkerreko guztien metaketaren alde, Nafarroan ere bai,lan egiteari uko egitea». Atzo nazio batzarrak onartutako adierazpenak «tinko» kritikatu egiten du NaBaiko beste alderdiek eta independenteek alderdiaren erabaki estrategikoetan esku hartu nahi izan dutelako, eta gaitzetsi egiten du «Nafarroa Bai bezalako proiektu ilusionagarri bat haien interes alderdikoien mesederako erabiltzea».

Ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi zen atzo Gasteizen nazio batzarra. Bertan, EAko zuzendaritzak militanteei proposatu zien hurrengo udal eta foru hauteskundeei begira Nafarroa Bai dela euren apustua, baina era berean, Alternatibarekin eta ezker abertzalearekin hitzartutako Euskal Herria ezkerretik akordioari eustea. Pello Urizarri egokitu zitzaion proposamen hori zein azken eguneko gertaeren nondik norakoak zehaztea.

Eztabaida luzea

Hartu beharreko erabakiaren garrantziaren jakitun, eztabaidak luze jo zuen EAko militanteen artean. Eztabaidak hiru ordu inguru iraun zuen eta bertan, hogei militantetik gora parte hartu zuten. Batzuek, NaBaiko koaliziokideek jarritako baldintzak ikusita, koalizioa uztea defenditu zuten.

Alabaina, azkenik onartutako ebazpenean, gogorarazten da EAk NaBairen sorrera sustatu zuela eta koalizioa sortu aurretik ere UPNren politiken aurka «erreferentzia politiko eta instituzional argia» izan dela. Ebazpenean, arrazoitzen da koalizioaren sorreratik «batasun abertzalea» bilatu dutela. Gaur egun, ezker abertzaleak bide soilik politikoen aldeko apustua egin ondotik, «posible» ikusten du EAk Nafarroan, «Euskal Herri osoan bezala», indar abertzaleak biltzea.

EAk azpimarratzen du, batasun hori lortze aldera EAk «ahalegin guztiak» egin dituela, eta ezker abertzalearen balizko sarrera bati ateak irekita uztea aldarrikatu dute. Hala, ebazpenean, batetik, datozen foru eta udal hauteskundeei begira, Nafarroa Bairen hasierako printzipioekin bat egiten du. Bigarrenik, Lortu Arte eta Euskal Herria Ezkerretik akordioak «ekarpen garrantzitsuak» direla deritzo, baita Gernikako Akordioa ere.

Hirugarrenik eta azkenik, bere egiten ditu hurrengo legealdirako NaBAiren oinarri programatikoak, politikoak eta antolamendukoak eta «apustu instituzional bakarra» NaBai dela dio. Alabaina ez du argitzen zehazki, NaBaik ostiralean aurkeztutako akordioa izepentuko duen eta hortaz EAJk, Aralarrek eta independienteek ontzat joko dute ebazpen hori.

Ostiralean egin zen Nafarroa Bairen aurkezpen ofiziala etaaurkezpen horretan Eusko Alderdi Jeltzaleak, Aralarrek eta independienteek publiko egin zuten agiri bat. Agiri hori sinatzen dutenek onartu beharra dute beste alderdiren batekin egindako akordioek ez dutela Nafarroan eraginik izango eta ez dutela NaBairen bilakaeran esku hartuko. Adierazpen hori sinatzeak esan nahi du 2011tik 2015era bitarteko legealdian «Batasunarekin hitzartutako akordioetan jasotakoa baliogabetu» egiten dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.