Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Balorazioak

Akordioak egiteko prest dagoela berretsi du Mintegik, EAJ gogoan

EH Bilduko hautagaiak jakinarazi du jadanik hitz egin duela Urkullurekin, eta biltzekotan daudela; «akordio zabalak» lortzea galdegin duKoalizioak «emaitza onak» izan dituela esan du, baina gogoeta egingo dutela hitzeman du

Eusko Legebiltzarrean eserlekua lortu duten EH Bilduko 21 kideetatik hogei, atzo, Donostian, Miramar jauregiko atarian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Kanpainan ere esan zuen, eta bozak igarota eskaintza berari eutsi dio: akordioak egiteko eskua zabalik daukala berretsi du Laura Mintegik, EH Bilduko lehendakarigaiak. Nolanahi ere, gidaritza hartzea EAJri dagokiola uste du, hark argi irabazi baititu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Mintegik jakinarazi du jada hitz egin duela Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiarekin, eta «aurki» bilera bat egitekoak direla. Ate guztiak zabalik daudela adierazi du. Legealdirako xedeak zehaztu ditu, hala ere: euskal ekonomia babestea, herritarren eskubideen alde egitea eta erabakitzeko eskubideari indarra ematea.

Hauteskunde gaueko ekitaldian apenas hitz egin zuen Mintegik, eta atzoko agerraldiak ikusmin handia eragin zuen. Donostian batu ziren, Miramar jauregian, eserlekua lortu duten hautagaiak. EH Bilduk 21 kide izango ditu. Argazkia ere atera zuten denek, bat izan ezik, ezin izan zelako joan.

Aretoa kazetariz beteta zegoen. Itunak lortu beharraz behin eta berriro aritu zen Mintegi. «Akordio handiak eta zabalak behar ditugu talde guztien artean», esan zuen. «Hori da bide bakarra herri hau aurrera ateratzeko eta arazoak konpontzeko, bai gai ekonomikoetan eta bai normalizazio politikoari buruzkoetan ere». Itunak lortzeko asmoarekin lanean arituko dela agindu zuen, eta elkarrizketa behar dela nabarmendu.

Jeltzaleena izango da lehen geltokia bide horretan. Entzutera joango dela adierazi du Mintegik, jarriko dituztela ikuspegiak mahai gainean, eta horren ondoren hartuko dituztela erabakiak. Ez du argitu, horrenbestez, gobernuan sartzeko prest ote legokeen—«gobernu akordioak mahai gainean jartzea ez dagokigu guri»—, ezta, horrela ez balitz, bere burua aurkeztuko ote lukeen ere lehendakaritarako —«koalizioak hartu beharreko erabakia da hori»—, ezta Urkullu lehendakari izendatzeko saioan EH Bilduko ordezkariek zer boto emango duten ere.

Bileren aurretik baldintza zehatzik ez du jarri Mintegik, baina ohartarazi du Espainiako Gobernuaren bideari ez zaiola jarraitu behar. «Bi aukera daude orain: batetik, Madrildik datozen inposizioei men egitea, eta hori ez da gure aukera; bestetik, bide berriari ateak irekitzea, herri gisa erantzutea, herri gisa egitea politika».

Gehiengo abertzalea

Eusko Legebiltzarrean, krisiari buru egitearekin batera,EH Bilduren helburua burujabetzaren alde egitea izango da. Gehiengoa abertzaleek izango dutela nabarmendu du Mintegik: «Erantzun ozena eman du gehiengoak, eta legebiltzarra abertzaleen esku utzi: hirutik bi izango gara».

PSE-EEren eta PPren atzerapausoa bistan dago, Mintegiren ustez. «Aukera konstituzionalak porrot egin du. Agerian geratu da Eusko Jaurlaritzan egindako autonomiaren defentsa otzan eta menpekoak ez duela emaitza onik atera». Hala, bada, erabakitzeko eskubidearen eta burujabetzaren alde egingo duela iragarri du. Espainiako Gobernuak ezezkoa emana du, ordea. Mintegi: «Nazioarteko legeak bete beharko ditu».

Kritikarik ez EAJrentzat. Zorion mezuak, bozak irabazi dituelako. Baina ohar bat, bai: esandakoa egiteko garaia duela. «Kanpainan zabaldu du kudeatzaile ona dela. Orain erakutsi beharko du. Eta herri batzuetan egin duen kudeaketa ez da batere ona izan».

Eta EH Bilduren beraren emaitzei buruz zer dio hautagaiak? Pozik azaldu da. Bigarren indarra eta 21 legebiltzarkide. «Emaitza onak eta sendoak dira. Inoizko indar metaketa sendoena ordezkatzen dugu aldaketa eta burujabetzaren alde». Lortutako 277.000 botoak «aldaketaren eta burujabetzaren alde» erabiliko dituztela berretsi du.

Gipuzkoako datuak direla eta, estu hartu dute kazetariek Mintegi. Udal hauteskundeetan eta Espainiako Gorteetarakoetan jaun eta jabe izan ziren ezkerreko subiranisten koalizioak. Oraingoan ere irabazi dute, baina nabarmen alde txikiagoz: 482 boto gehiago EAJk baino. Kontuan izatekoa da, gainera, ez dela ziurra EH Bilduren garaipena Gipuzkoan; atzerriko botoak falta dira zenbatzeko: 2.960 dira herrialde horretan.

«Hankak lurrean jarri ditugu»

Udal hauteskundeetan eta Espainiako Gorteetarakoetan baino askoz boto gutxiago lortu dituzte ezkerreko subiranistek. Zer gertatu da? «Gogoeta egin behar da, eta egingo dugu», erantzun du Mintegik. «Interpretazio bat baino gehiago egin daitezke». Tartean arrazoi bat baino gehiago egongo direla uste du. Emaitzak xehe aztertu behar direla esan du: herriz herriko bilakaerari erreparatu, eta beste alderdien zenbakiei. «Guztiek izan dute beherakada».

Argixeago hitz egin du Maribi Ugarteburu hautagaiak. Onartu du «gazi-gozo samarra» izan dela koalizioaren emaitza. «Hankak lurrean jarrarazi dizkigute emaitzek: hori da hiru herrialde horietako erretratua gaur egun». Zenbakiak zehatz aztertzearen alde egin du Infozazpi irratian. «Aztertu, eta horren arabera jardun behar dugu».

EH Bilduren zenbakiak goratu ditu Kataluniako ERC alderdiak. «Emaitzak bistan utzi du herritarrek jauzi bat eman nahi dutela nazio eraikuntzan eta justizia sozialean». Kataluniako Generalitateko presidente Artur Mas Espainiari so jarri da: «Ikusi Euskadin zer gertatu den, Katalunian zer gertatuko den. Ulertu eta onartu ezean, arazoa ez dute konponduko. Egoskorra da errealitatea, eta gailenduko da azkenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.