EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar pozik agertu da EAJk EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPDrekin egin duen bilkurekin. Esan du akordioak lortzeko aukera "erreala" dela, baina datorren astera itxaron beharra dagoela gehiago "zehazteko".
SER irrati katean elkarrizketatu dute Egibar. Koalizio gobernu bat osatzea "zail" ikusten duela azaldu du, baina ez du aukera hori baztertu. "Erdibideko formula" bat defendatu du. Gainera, ez du argitu EAJko legebiltzarkide taldearen bozeramaile izaten jarraituko duen datorren legealdian, eta erantsi du EAJk bere legebiltzarkideen ardurak banatuko dituen itxaron beharra dagoela Egibar bera eleduna izango den jakiteko.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatuz gero, Euskadi Buru Batzarreko presidentetzan ordezkatu beharko dute Urkullu. Egibarrek ez du azaldu EBBko presidente izateko hautagaitza aurkeztuko duen, eta gaineratu du garrantzitsuena "gobernu ahalik eta sendoena" osatzea dela.
Akordioetarako "zailtasunik ez", PPren esanetan
PPko Gipuzkoako presidente Borja Semperrek RNE Espainiako irrati kate publikoan eginko elkarrizketa batean adierazi duenez, ez da "zailtasunik" egongo EAJren eta PPren artean akordioak erdiesteko, uste baitu EAJ "euskal gizartearen aniztasunaren jakitun" dela. PPren borondatea da EAJrekin ekonomiaren eta langabeziaren arloan elkar ulertzea dela azaldu du Semperrek.
Bi alderdiek asteartean egin zuten batzarra "nahiko ongi" joan zela esan du Semperrek, eta nabarmendu du krisiari aurre egitean bat egin zutela.
PSE-EEko hautetsi Jose Antonio Pastorrek, berriz, esan du EAJk "guztiak gai potoloetan" konprometitu nahi dituela, baina bera "ezertara konprometitu gabe".Halaber, EAJri aurpegiratu dio bakegintzan eta zerga politikan proposamenak egiteko eperik ez zehaztea, baina bai, aldiz, estatus politikoaz eztabaidatzeko.