Akordioak lotuta, onartu egingo dituzte hiru foru aldundietako aurrekontuak

Bizkaian eta Gipuzkoan atzera bota dituzte osoko zuzenketak; Araban akordioa lortu dute EAJk eta PSE-EEk

Koldo Aldabe.
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako aurrekontuak onartu egingo dituzte lurralde bakoitzeko batzar eta biltzar nagusietan, EAJk eta PSE-EEk hiru lurraldeetarako aurrekontu hitzarmenak lotuta baitauzkate. Atzo hasi ziren aurrekontuak aztertzen Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan; oposizioek aurkeztutako osoko zuzenketak izan zituzten eztabaidagai, eta, espero zen bezala, ez ziren aurrera atera, PSE-EEren abstentzioari esker. Araban, berriz, atzo hitzartu zuten jeltzaleek eta sozialistek 2011ko aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa.

«Gustukoak ez izan arren»

Alternatibak, Aralarrek, EAE-ANVk eta PPk aurkeztu zituzten osoko zuzenketak Bizkaiko Aldundiko aurrekontuen eztabaidan. Gernikako juntetxean egindako bilkuran, sozialisten laguntzarekin aurrekontuak onartuko direla jakinda, negoziatzeko borondaterik eza leporatu zioten alderdiok Jose Luis Bilbao diputatu nagusiari. Aldundiak aurrekontuen erdia (732 milioi euro) gizarte ekintzara bideratu dela nabarmentzea ere salatu zuten alderdiok, dirutza horren zatirik handiena Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak jartzen baitute eta Foru Aldundia diru horien «igorle huts» baita. Alternatibak, Aralarrek eta EAE-ANVk eredu fiskala aldatu beharra dagoela azpimarratu zuten, progresiboagoa izan dadin eta enpresen eta errenta handienen zerga ordaintzea handitu dadin. EAk ez zuen osoko zuzenketarik aurkeztu, baina bat egin zuen hiru alderdiok aurkeztutakoekin.

EAJk «errealistatzat» jo zituen aurrekontuok; aurrekontuak egiteko herritarren parte-hartzea eta krisitik ateratzeko kudeaketa egokia ez direla bateragarriak esan zuen, eta orain erreforma fiskala eginda ere 2012. urtera arte ez lukeela eraginik edukiko.

Sozialistek krisi garaian behar den «erantzukizunez» jokatu dutela esan zuten, aurrekontuak «gustuko ez izan arren», eta aurrekontuok onartzeko hitza eman badute «hobetuko» dituzten zuzenketa batzuk hitzartu dituztelako eman dutela.

PPren abstentzioa Gipuzkoan

Gipuzkoan ere, Markel Olanoren gobernuak aise lortu zuen osoko zuzenketak atzera botatzea, PSE-EEren abstentzioaz gain -herenegun lotu zuten hitzarmenari esker- PPrena jaso baitzuen eta azken horrek erretiratu egin baitzuen aurkeztu zuen osoko zuzenketa.

839 milioi euroko dirutza aurreikusi du Gipuzkoako Aldundiak. «Aukeren artean aurrekonturik onenak aurkeztu ditugu, batzuek horrela ikusiko ez duten arren», esan zuen Pello Gonzalez Ogasun diputatuak.

Horrela ikusi ez dutenak Alternatiba, Aralar eta EB dira, osoko zuzenketen bitartez aurre egin nahi izan baitzieten «herritarren beharrei zuzendu beharrean defizitaren aurka egiteko kontuoi». Aldundiari kontuak ez zaizkiola aterako ere salatu zuten, «diru sarreren aurreikuspenak irrealak direlako». Aurrekontu horiek politika publikoetan sartu den «merkatu izpirituaren» isla direla ere salatu zuten.

Aldundian bezala Udalean ere

Araban Xabier Agirre diputatu nagusiak PSE-EEko lurraldeko idazkari nagusi Txarli Prietorekin hitzartutako akordioak Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko aurrekontuak biltzen ditu. Biltzar Nagusietan PSE-EE abstenitu egingo da eta berdin jokatuko du EAJk Udaleko aurrekontuak bozkatzen direnean.

Iaz ere akordio bertsua egin zuten EAJk eta PSE-EEk Araban eta Gasteizen, eta, beste bi lurraldeetan bezala, aurten ere nork bere aurrekontuak onartzeko hitzarmena lotuko zutela ia egintzat jotzen zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.