Akordio usaina bazen atzo ere Bilboko Metroan, baina ezerezean geratu ziren negoziazioak. Sindikatuek salatu dute lantaldea handitzearen truke baldintzak okertzea nahi zuela zuzendaritzak. Itunik ez da, eta lanuztea egingo dute gaur, 05:45etik 07:45era.
Goizean hasi ziren elkarrizketan sindikatuak eta zuzendaritza. Lanpostuen kopurua zen traba orain arteko negoziazioetan: Basaurira iritsiko da metroa azaroan, eta langileek diote zerbitzua handitzeko ezinbestekoa dela lantaldea ere horretara egokitzea. Auzi horri dagokionez, urratsak egin ditu zuzendaritzak. «Enpresak aurkeztutako proposamenean, zenbakiei buruz ez dugu interpretazio txarra egin». Hala esan zion Raul Mendez LABeko ordezkariak BERRIAri atzo eguerdian. Itxaropentsu zen, arratsaldean akordiorako oinarriak adostu eta hilabeteetako gatazka amaitzeko.
Arratsaldeko bileran, ordea, aldatu ziren kontuak. Lan baldintzak aldatzea jarri zuen mahai gainean zuzendaritzak, sindikatuen esanetan. «Zenbakietan ia bazegoen akordioa, baina lan baldintzak aldatu nahi zituen zuzendaritzak», salatu du Mendezek. Gidarien atsedenetan-eta nahi zituen aldaketak egin Bilboko Metroak. «Lan baldintzetan aldaketarik ez dugu onartuko, hori ez bailitzateke auzi honetan aztertu behar, negoziazio kolektiboan baizik». Batzarra egingo dute langileek ostegunean, eta han bozkatuko dute zuzendaritzaren azken eskaintza. Ordezkaritza duten sindikatu guztiek —ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK— eskatuko dute aurkako botoa.
«Eskatutakoa onartu dugu»
Bilboko Metroko zuzendaritzak beste bertsio bat eman du. Lan baldintzen balizko okertzea ez du aipatu Iñaki Prego ordezkariak, eta esan du sindikatuen aldarriak ase dituztela: «Eskatutakoa ia oso-osorik onartu dugu, eta, nahiz eta ahalegin handia egin dugun, sindikatuek ez dute akordioa egin nahi izan». Hala, arduraz jokatzera egin die dei beharginei, kaltea jasaten herritarrak ari direla nabarmenduta.
Ez da lehen aldia negoziazioak ia amaierara heldu eta azken unean zapuzten direna. Bilboko Metroko zuzendaritzak akordioa bazela ere esan zuen negoziazioen erdian, eta ukatu egin zuten hori sindikatuek. Harrezkero, gaiztotuz joan da giroa bi aldeen artean, elkarri egotzi baitiote lan gatazka luzearen erantzukizuna.
Bederatzigarren lanuztea izango dute gaur metroan. Goizean egingo dute, bi orduz: 05:45ean hasiko dute, eta 07:45ean amaitu.Jaurlaritzak ezarrita, hiru trenetik bat ibiliko dira gutxienez, aurreko astean bezala. Eragin handia izan zuen protestak orduan.
Akordiorik ez, eta lanuztea izango da gaur metroan
Sindikatuek salatu dute lantaldea handitzearen truke baldintzak okertu nahi dituela Bilboko Metroko zuzendaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu