Aldaketaren motor" gisa aurkeztu dute. Hari esker azkarrago eta erosoago helarazi ahalko dizkiete herritarrek hizkuntza eskubideei lotutako gertaerak Behatokiari. Akuilari; aplikazioa jaitsi, duintasuna igo lelopean aurkeztu dute gaur aplikazio berria. Euskaraz jarduteko arazoekin topo egiten duen herritarrak euskaraz bizitzeko nahiari eutsi, oztopoei aurre egin eta egoera hobetzeko bide laburragoa izango du tresna berriarekin.
Hemendik aurrera, euskara erabiltzeko eskubidea errespetatu ez bazaio edo euskara erabiltzeagatik kaltetua izan bada, herritarrak kexa jarri ahal izango du momentuan bertan aplikazio berriaren bidez. Era berean, hizkuntza eskubideak bereziki ondo zaintzen dituzten entitateen jokabide eredugarria txalotu eta zoriondu ahalko du.
Aplikazioa sakelakora deskargatu eta erabiltzaile bilakatu besterik ez da egin behar zerbitzua eskura izateko —Euskararen Telefonoaren erabiltzailea izanez gero, aplikazioa jaitsi eta haren erabiltzailea eta pasahitza sartu behar dira—. Beste herritarrek Behatokiari helarazi dizkien gertaerak ikusteko eta sare sozialetan partekatzeko aukera ere eskaintzen du Akuilarik.
“Euskaraz bizitzeko hautua egin duten pertsonak errealitatean aurkitzen dituzten oztopoak gainditzen saiatzen dira, zailtasunei aurre egiteko prest daude eta saiatzen dira egoera hori hobetzeko zerbait egiten”, adierazi du Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak. Horretan laguntzeko, eta garai berrietara egokitzeko ahaleginaren fruitu da azken proiektua. Euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dutenei eta egin nahi duten herritar guztiei euren inguru hurbilean aldaketak sustatzeko tresna da Behatokiak eskaini duena.