Errugabetzat jo du bere burua Amaia Azkueren ustezko hiltzaileak. Epaiketako lehen saioa zuen atzo, eta fiskalari emandako lehen bertsioa gezurtatu egin zuen; izatez, orain hilabete eman zuen bertsio hori auzitegian: adierazi zuen Azkue ez zuela berak hil, beste pertsona bat izan zela. Ez zuen zehaztasun gehiago eman. Errugabe azaldu zen atzo ere, Efe agentziak arratsean jakinarazi zuenez. Ateak itxita ari dira epaiketa egiten, eta kazetariei ez zieten deklarazioaren berri eman jendaurrean. Abuztuan bere burua errudun jo zuenetik, adingabeen zentro batean dago Azpeitiko gaztea.
Mugimendu handia izan zen atzo Donostiako Egia auzoko auzitegian. 09:00etarako dozenaka kazetari zeuden inguruan. Ordu horretan eraman zuten akusatua auzitegira, Ertzaintzaren ibilgailu batean. Aurki azaldu ziren Azkue zenaren senideak, elkarrekin; minutu batzuk egin zituzten auzitegi atarian, adierazpenik egin gabe, eta barrura sartu ziren gero. Abokatuak joan ziren ondoren: Joanes Labaien defentsako abokatua lehenik, isilik, eta Miguel Castells akusaziokoa gero. Kazetariei gogorarazi zien hilketaren urteurrena betetzear dela, eta familiaren mina eta intimitatea errespetatzeko eskatu zuen.
Senide gehienak auzitegiko korridorean egon ziren, nahiz eta batzuei eman zieten baimena aretora sartzeko. Akusatutako gaztearen anaia bat ere auzitegian izan zen. Kazetariei, berriz, auzitegi barrura sartzen ere ez zieten utzi, epailearen aginduz. Atarian pasatu zuten goiza, zer jakingo.
Epaiketa hasterako, Azkueren lagun batzuek elkarretaratzea hasi zuten atarian, Justizia Amaiarentzat leloa zeraman kartel batekin. Bi ordu egin zituzten protestan. Urola Kostako Koordinadora Feministako kideek hartu zieten lekukoa. Amaia Azkue gogoan. Indarkeria sexistarik ez! leloarekin egin zuten protesta. Esan zuten hilketan zerikusia izan zuela Azkue andrea izateak: «Eragin zuzena dauka genero zapalkuntzak eragindako emakume eta gizonen arteko ezberdintasunak. Erasotzaileak ez zuen botere bera sentituko aurrean gizon bat izan balu».
Senideak, bistako atetik
Hilketa salatu behar dela adierazi zuten. «Sentsazionalismoa eta morboa utzi behar dira, baina ez isildu». Feministen protesta ikusi zuten Azkueren senideek, atseden hartzera irtetean. Elkar agurtu ere egin zuten. Senideek aukera zuten atzeko atetik sartu eta irteteko, baina ez zuten nahi izan.
12:30 pasatxo zirela hasi zen mugimendua berriro ere. Ordutsu horretan, ustezko hiltzailearen anaiak utzi zuen auzitegia, hark ere ate nagusitik, kamera guztien aurretik. Goiz osoa eman zuen eraikin barruan; bakarrik zegoen, familiako inor gabe. Haren ondoren, defentsako abokatuak utzi zuen auzitegia; sartu bezala utzi ere, kazetariek etengabe egindako galderei erantzun gabe. Azkueren senideak elkarrekin atera ziren auzitegitik. Isilik egin zituzten sartu-irtenak une oro.
Castells abokatua izan zen irteten azkena, eta haren zain egon ziren kazetariak. «Normal joan da saioa, aparteko gorabeherarik gabe», esan zuen. Galdera bat bazegoen: hilketa bere gain hartu ote zuen gazteak. Ez zuen erantzun abokatuak, «zoritxarrez» ezin zuela esanez: «Saiatu nintzen epaiketa ateak irekita egiten, baina ezetz esan du epaileak. Errespetatzea dagokit niri». Eferen arabera, bigarren bertsioari eutsi dio gazteak, Azkue ez zuela hil, alegia. Poliziaren eta fiskalaren bertsioa ukatu egin du, beraz.
Hilketa gertatu zenean 18 urte egiteko zegoenez, adingabea balitz bezala epaitzen ari dira, eta ateak itxita egitea erabaki du epaileak. Castellsek azaldu zuen ulertzen duela kazetarien jakin-mina, auzia «interes orokorrekoa» delako, baina azken hitza epailearena dela gogoratu zuen.
Hamar urteko zigor eskaria
Goizeko saioa amaituta, arratsaldean segitu zuen epaiketak: bi ertzainek eman zuten lekukotasuna. Ez dira bakarrak: 30 perituk deklaratuko dute, eta beste 50 lekukok —gaur, Azkueren senarrak eta hilotza topatu zutenek—. Guztiak entzun ondoren hartuko du erabakia epaileak. Bi eskari ditu mahai gainean: fiskaltzarena eta Azkueren senideena bat, gaztea hamar urtez espetxeratzeko—zigorra kartzelan betetzea nahi dute, ez adingabeen zentro batean—; defentsarena bestea, gaztea libre utzi eta ikerketa jarraitzeko.
Bitartean, babesa agertuko diete senideei. Ostiralean protestara deitu dute Urola Kostako herrietan. Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak «erantzun irmoa» eskatu du.
Akusatuak ukatu egin du Amaia Azkue hil zuela, hasieran hori esan bazuen ere
Orain hilabete egindako deklarazioari eutsi egin dio gazteak: hilketaren erantzukizuna ukatu du epaiketako lehen saioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu