Horiez gain, Donostiako Gotzaitegiko ordezkariak, Gipuzkoako Jesulagunen burua, Ikastolen Elkarteko arduradunak eta Kataluniako zenbait komunikabidetakoak izan dira han. Jose Ignacio Perez Iglesias EHUko errektoreak, Anjeles Iztueta Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Carlos Garaikoetxea EAEko lehendakari ohiak ere elkartasuna adierazi diete.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmori akusazio guztiak ukatu ondoren, prentsaurrekoa eman dute, eta han nabarmendu dutenez, "delitu bakarra dago hemen: ordura arte euskaraz zegoen egunkari bakarra isteagatik egindakoa, eta hura argitaratzen zuen enpresaren arduradunak eta egunkariaren zuzendaria atxilotu, gaizki tratatu eta torturatuta egindakoa. Horrela ulertzen du euskal gizarteak".'Egunkaria' istea, "euskararen normalizaziorako funtsezko proiektu baten aurka jotzea izan zen", esan dute "gizartearen adostasun eta integraziorako ahalegin kolektibo bikain baten aurka jotzea".
Espainiako Auzitegi Nazionalaren "zuzentasunean" ez dutela konfidantzarik berretsi dute, eta beraiek euskal gizartearengan dutela konfidantza azaldu dute.
Gainera, 'Egunkaria' itxi zutenean atxilotutakoetako batzuek egin zituzten tortura salaketek ez dutela aurrera egin salatu dute, gogor.
Beraien kontra "akusazio larriak" egin badituzte ere, ez direla ezer egin gabe geratuko esan dute, ozen, eta "nazioarteko juristen eta giza eskubideez arduratzen diren erakundeen arreta" erakarriko dutela jakinarazi dute, "hemen zer dagoen ikus dezaten".
Espainiako Gobernuari ere zuzendu die mezua: "Estatu-gai batzuetan aldatzeko urratsak egin ditu Gobernu berriak. Baina, zoritxarrez, orain arte behintzat Gobernu horrek ez du jarrera-aldaketarik erakutsi gure Herriko gatazkari dagokionez. Galdetzen dugu ea egunen batean hautsiko ote duen lehengo politikaren jarraitasun itogarria, erabat ulertezina baita demokraziaren ikuspegitik".
Auzipetuek, eskerrak eman dituzte, jaso duten "arreta, interes eta elkartasun guztiagatik, bai Euskal Herrian eta baita handik kanpo ere"
Ikusmin handia Madrilen
Auzipetuen sarrerak komunikabideen artean ikusmin handia sortu du. Izan ere, babesa agertzera joandako euskal gizarteko ordezkariek auzipetuekin batera egin dute Auzitegira arteko bidea, eta besarkadekin agurtu dituzte atean. Kazetari andana inguratu zaio Xabier Arzalluz jeltzaleen lehendakari ohiari. Arzalluzeksalatu du Espainian demokraziaren kalitatea oso eskasa dela eta Auzitegi Nazionala frankismo garaiko TOP Ordena Publikoko Tribunalen parekoa dela. PSOEri esan dio behingoz horrelako jazarpena bertan behera uzteko, eta 'Egin'-en itxiera ere ekarri du gogora.
Nolanahi ere, zortzi auzipetuetatik sei baino ez dira sartu babes horrekin Auzitegira. Izan ere, Joxemi Zumalabe 1993an hil zen, eta Xabier Alegria espetxean dago. Alegria ere Auzitegi Nazionalean daukate, baina Poliziak eraman du.
Atzo, Espainiako Kongresuko hainbat talde parlamentariotako ordezkariekin batzartu ziren auzipetuak, hain zuzen ere, Kongresuaren egoitzan. Zehazki, EAJ, EA, Nafarroa Bai, CiU, ERC, ICV,BNG eta Coalicion Canariako dipuatuekin. Politikari horiek kezkaz entzun zituzten auzipetuen azalpenak, agerian uzi baitzieten 'Egunkaria auzia'-ren oinarri juridikorik eza.
'Egunkaria auzia'
Akusazio guztiak ukatu dituzte 'Egunkaria'-ko auzipetuek Del Olmoren aurrean
Goizeko hamarretan sartu dira Espainiako Auzitegi Nazionalera 'Egunkaria'-ren auziko auzipetuak, Juan del Olmo epailearen eskutik auzipetze autoa jasotzera, baina hamaikak arte ez ditu epaileak hartu. Banan bana zein delitu leporatzen dizkien azaldu die Juan del Olmok, eta auzipetuek akusazio horiek guztiak faltsuak direla erantzun diote. Euskal gizartearen ordezkaritza zabalak lagunduta joan dira. Besteak beste han dira, Arzalluz EAJko lehendakari ohia, Jone Goirizelaia SAko legebiltzarkidea, Begoña Lasagabaster EAko diputatua, Antton Karrera EBko legebiltzarkidea, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusia, Mertxe Colina ABkoa, Elorrieta, Diez eta Uzkudun sindikalistak zein Bernardo Atxaga idazlea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu