Alain Berastegi Arbizuko (Nafarroa) gazteak atzo Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) salatu zuena berretsi du gaur, Iruñean, prentsaurrekoan: ezezagun batzuek zazpi orduz bahituta eduki zutela lehengo ostiralean, eta "iraindu, mehatxatu eta torturatu" ere egin zutela. Berastegik adierazi du bere ustez poliziak direla bahitzaileak.
Irunberri inguruan (Nafarroa) izan zen gertaera, eta armak zituzten lagun batzuek baso batera eraman zuten gaztea. "Lau edo bost aldiz jarri zidaten buruan poltsa, arnasik gabe uzteraino".
Gutxienez hamabost pertsonek hartu zuten parte, haren arabera, eta burua estalita zuten. Eurekin kolaboratzeko eskaintza egin zioten Berastegiri, honek salatu duenez, eta laguntzeko dirua eskaini zioten. Haietako batek galderak egin zizkion eta bere aurkako akusazioekin dossier bat erakutsi zion. "Beraiekin kolaboratzen ez badut, bizitza izorratuko didatela esan zidaten", adierazi du arbizuarrak. Bilerarako hitzordua ere jarri zioten.
Berastegi euskal preso ohia da eta ezker abertzaleko kidea, AAMk jakinarazi duenez. Gazteak salaketa jarri du.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du PSOE "estatu indarkeria" bultzatzen ari dela, eta azkenaldian beste bahiketa kasu batzuk ere izan direla gogoratu du: Juan Mari Mujikarena, Lander Fernandezena edota Jon Anzarena. AAMk salatu du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak "bide errepresibo guztiak" irekita dituela, eta gertakari horiek ez dutela lekurik "erakunde nagusietan, arartekoen txostenetan, biktimen batzordeetan...".
politika
Alain Berastegi preso ohiak dio bere ustez poliziak direla bahitu zutenak
Arbizuko gaztea zazpi orduz Irunberriko baso batean eduki zuten hamabost bat ezezagunek joan den astean. "Iraindu, mehatxatu eta torturatu" egin zuten, eta eurekin kolaboratzeko eskatu zioten. AAMren arabera, PSOE "estatu indarkeria" bultzatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu