Alarde fundazioaren izaera juridikoa zein den ez du argitu udalak

arantxa iraola
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Hondarribian (Gipuzkoa) alardea antolatzen eta hauspotzen duen Alarde fundazioa hizpide, Hondarribiko EH Bilduko zinegotzi Xabier Isasik erregu bat erregistratu zuen joan den astean, apirilaren 28ko udalbatzarrean. Argibideak eskatu zituen fundazio horren izaera juridikoaren inguruan, azalpenak agindu zituen Txomin Sagarzazu alkateak, baina koalizioko ordezkariek esan dute oraindik ez dakitela ezer. Gogora ekarri behar da hautu baztertzailea egina duela fundazio horrek, eta Jaizkibel konpainia parekideak ez duela tokirik izaten desfilean.

Erreguaren jatorria martxoan erregistratutako eskaera bat dela gogoratu zuen Isasik: «Esan genion alkateari behar besteko izapideak egin zitzala Alarde Fundazioa Hondarribia izeneko erakundea benetako fundazioa den jakiteko, eta izatekotan non dagoen erroldatuta. Era berean, eskatzen genion argitzeko ea erakundeak bete beharreko baldintzak betetzen ote dituen Hondarribiko espazio publikoetan ekitaldiak antolatzeko». Esan zuen, ordea, ez dutela jaso itaun horien erantzunik, eta, horiek horrela, ulertu dutela ez dagoela «ziurtasunik» esateko erakunde horrek «fundazioen izaera juridiko-administratiboa» duela.

Baimena

Hori aintzat hartuta, EH Bilduk erregu bat plazaratu zuen, hiru eskarirekin. Bat: Alardea fundazioak «fundazio izaera juridiko-administratiborik izan ezean» ez diezaiotela onartu irailaren 8an alardea antolatzeko egindako baimen eskaria. Bi: eskatu diote udalari bermatzeko «berdintasun printzipioa» jaien antolaketan eta espazio publikoen erabileran. Hiru: Alarde fundazioak darabilen identifikazio zenbakia zeini dagokion eta zergak eta gizarte gastuak ordainduak dituen argitzeko eskatu zuen. Alkateak erantzun zuen «mami handiko» gaia dela, eta alardearen inguruko kontuez solastatzeko batzen den elkarrizketa forora eraman nahi zuela gaia. Egin da bilera, baina EH Bilduk dio ez duela erantzunik jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.