Alardeei buruzko mahai instituzionala geldirik dago iazko azaroaz geroztik

Gipuzkoako Aldundiak duela ia urtebete agindutako txostena aurkeztu gabe dago oraindik. Vaquero: «Konfiantza irabazteko unean gaude»

Iaz, Denis Itxaso jarduneko ahaldun nagusia alarde parekidean izan zen. J.C.R / ARP.
Samara Velte.
2017ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Urtaroak biziago doaz Gipuzkoan alardeen konponbidea baino. Bi hilabete eskas baino ez dira falta Irungo sanmartzialetarako, eta, foru aldundiari adituta, nekez pentsa liteke iazko irudia errepikatzeko asmoa duenik: ahaldun nagusia —orduan Denis Itxaso, Markel Olano ordezkatuz— hiriko bandera alarde parekideko ordezkari bati ematen. Aski espero izandako keinu bat izan zen. Ordutik, baina, adierazpen lausoak baizik ez dira heldu Gipuzkoako erakunde publiko nagusitik arazoa konpontzeko. Gaia hizpide izan zuten atzo batzar nagusietan, eta Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak onartu zuen azken urtebetean bi bider baino ez direla elkartu udalak, aldundia eta Jaurlaritza —Emakundek eta Arartekoak ordezkatuta— alardeen inguruan.

Irungo eta Hondarribiko jaietako martxek urtero eragiten dituzte gatazkak, herri bakoitzean dagoelako emakumeak soldadu gisa onartzen ez dituen talde bat, eta hala egiten duten alardeak gaitzesten eta iraintzen dituelako. Iazko martxoan, diputazioko gobernuak Berdintasun Zuzendaritzatik atera zuen auzia, gatazkak genero diskriminazioa baino aurpegi gehiago zeuzkala argudiatuta. Ordutik, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza arduratzen da alardeez. Atzo, batzordean, Ainhoa Beola batzarkideak (EH Bildu) jaien atariko tentsioak baretzeko saiakerez galdetu zion, atzo, Markel Olano ahaldun nagusiari (EAJ). Vaquerok erantzun zuen haren izenean: badira bost hilabete instituzioen arteko mahaia azkenekoz elkartu zenetik. Nolanahi ere, jakinarazi du Irungo eta Hondarribiko udalekin «bileraren bat edo beste» egiten jarraitu dutela, eta mahaiari aurkezteko txosten batean lanean ari direla. Ez du zehaztu noiz aurkeztu asmo duten, ezta aurtengo alarde garairako helburu zehatzik bete asmo duten ere.

Foru gobernutik heltzen den informazioaren lausotasunagatik kezka agertu du Beolak batzordetik irtetean: «Guk ere ez dakigu, hori da larriena». Oposizioa «lau hiletik behin» ahalegindu da alardeen auziari buruzko kudeaketaz informazioa jasotzen: «Gutxienez hiru edo lau proposamen egin ditugu erakundeek alarde parekideari harrera ofiziala egin diezaioten, baina bertan behera geratu dira guztiak, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu izan dutelako». Ahaldun nagusiaren iazko keinua ere ez ei da berriz ikusiko aurten: «Ezetz esan ziguten, ordura arte bezala jarraituko zutela».

Legealdirako plangintza

Alardeari buruzko erakundeen arteko mahaia aurreko legealdian osatu zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez: diputazioa bera, Arartekoa, Emakunde eta bi udaletako ordezkariak jarraitutasunez elkartzea zen helburua, festen atarian sortu ohi den tentsioari aurrea hartu eta maila politikotik irtenbide adostuak bilatzeko. Nazioarteko bitartekaritza prozesuetako aditu bat ere ekarri zuten propio egoera aztertzeko: Jenny Pearce, Bradfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) soziologoa. Hura 2014an egon zen lehenbiziko aldiz Hondarribian, eta emakumeak onartzen ez dituen alardeko ordezkariek ere txalotu zuten haren bisita.

Alardeetako tentsioa arintzeko egoeraren diagnosi bat egingo zuela iragarri zuen foru aldundiak duela ia urtebete; atzo, ikerketa horretan lanean jarraitzen dutela argitu zuen Vaquerok. Iragarpen hartatik, bi bider elkartu dira erakundeetako ordezkariak eta Pearce: uztailaren 19an eta azaroaren 14an. Bigarren topaketa hartan Hondarribiko eta Irungo alkateek euren ikuspegia azaldu zuten, eta Vaquerok goraipatu du «konfiantzazko klima» lortu zutela. Harrezkero, ordea, moteldu egin da lan erritmoa, edo ez da, bederen, jendaurrean azaldu: Bizikidetza Zuzendaritzak «bileraren bat edo beste» egin du «alardeetako eragileekin». Abenduan jakinarazi zuen Olanok oraindik ez zeukatela «legealdirako ekintza planik». Datorren hilean bi urte beteko dira azken foru hauteskundeetatik; Gipuzkoako diputazioa legealdi erdian dago, beraz.

«Konfiantza irabazteko unean gaude», esan zuen Vaquerok atzo: «Partekatutako bide bat adostu behar dugu». Aurtengo jaietara begira, ordea, keinu garbirik ez du antzeman Beolak: «Plangintza bat aipatzen digute, baina ez zein eduki izango dituen, ezta zein epetan aurkeztuko duten ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.