Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuen igandean. Horren arabera, hainbat neurri bete beharko dira, baina, printzipioz, ez dira martxotik ekainera indarrean egon zirenak bezain gogorrak izango.
Iraupena. Espainiako Gobernuak maiatzaren 9ra arte luzatu nahi du alarma egoera, baina, printzipioz, hamabost egunerako ezarri dute. Izan ere, sei hilabeterako luzatzeko, Espainiako Kongresuak onartu beharko du.
Etxeratze agindua. Gauean etxeratzeko agindua ezarri du Espainiako Gobernuak; hau da, herritarrak ezingo dira kalean ibili, zehaztu dituzten arrazoiren batengatik ez bada behintzat. Ordutegia zen zalantza nagusia; izan ere, erkidegoek Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek egindako proposamena moldatu eta ordubete aurreratu edo atzeratu zezaketen etxeratzeko eta handik irteteko ordua, baina Sanchezen proposamenari eutsi diote: 23:00etatik 06:00etara egongo da indarrean.
Mugikortasuna. Madrilek ez zuen neurri zehatzik onartu, baina aukera ireki zien erkidegoei. Eusko Jaurlaritzak atzo horri lotutako erabaki garrantzitsua jakinarazi zuen: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak ezingo dira euren udalerritik atera, zehaztutako kasuetan izan ezik; Nafarroan, herrialdetik ezin da atera.
Bilkurak. Alarma egoeraren aurretik, Jaurlaritzak ezin izan zituen bilkurak mugatu, EAEko Auzitegi Nagusiak ez baitzion ontzat eman bilkurak sei lagunera murriztea. Orain, ordea, egin dezake, eta seira mugatu du.
Agintea. Aurreko alarma egoerako gatazka nagusietako bat izan zen aginte makila noren esku zegoen. Oraingoan, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehendakariek erkidegoen esku uztea eskatu zuten, eta hala egitea erabaki du Sanchezek. Juridikoki, alarma egoeraren «autoritate delegatuak» izango dira; hau da, haiek hartuko dituzte erabakiak, eta erkidegoetako kontseiluetan koordinatuko dituzte.
ALARMA EGOERA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu