Albisuri eta Iparragirreri hogeina urteko espetxe zigorra berretsi die Parisek

«Immobilismoan tematzea» egotzi diete Frantziari eta Espainiari Albisuk eta Jon Enparantza abokatuak

Agentziak
Paris
2012ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Aurretik zuten hogeina urteko zigorra berretsiz amaitu zen atzo Mikel Albisu Mikel Antza eta Marixol Iparragarrirre etakideen kontrako apelazio epaiketa, Parisen. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) mintzaide diren bi preso horiek diskurtso politikoaren bozgorailurako baliatu zuten epaiketako azken hitzaren aukera, eta Espainiaren eta Frantziaren jarrera gaitzetsi zuten; ETAk armak utzi ostean «immobilismoan tematzea» egotzi zieten.

ETAk bere helburuan ez duela etsi nabarmendu zuen Mikel Antzak. Armak utzi dituela baina erakunde armatuko kideek Euskal Estatu Sozialista lortzeko lanean jarraitzen dutela. Badaki lan gogorra egin behar dela horretarako. Izan ere, hogei urteko espetxe zigorra jarri dion epaimahaiaren aurrean esan zuen armak uzteko erabakia hartzea ez zela erraza izan, eta hartu zutenean bazekitela «zailena hurrengo egunean» hasiko zela. Epaimahaiaren aurrean «Gora ETA!» oihukatuz amaitu zuen hitzaldia.

Marixol Iparragirre eta bien kontrako apelazio epaiketa atzo amaitu zen, Parisko Krimen Auzitegian. 2010ean hogeina urteko kartzela jarri zien Frantziako Auzitegi Bereziak biei, ETAko buruzagi izatea egotzita. Defentsak helegitea jarri zuen, eta hori aztertzen aritu dira hilaren 12tik atzo arte. Aukera baliatuz, lehengo zigorra gogortu, eta 30na urteko kartzela eskatu zuen Fiskaltzak bientzat, ETAren ekonomia arloko eta talde militarreko buru izatea egotzita. Epaimahaiak ez dio jaramonik egin ez Fiskaltzari eta ez defentsari ere, zeinak zigorra arintzeko eskatzen zuen. Lehenean utzi du zigorra: 20 urtean. Atzo emandako epaiaren arabera, gutxienez zigorraren bi herenak bete beharko dituzte, eta espetxetik ateratzen direnean, Frantziatik kanporatuko dituzte.

«Testuinguru berezia»

Auzitegiek gatazka konpondu ezin duten arren eragina izan dezaketela ohartarazi zion epaimahaiari Jon Enparantza abokatuak. Hain justu, «testuinguru berezia» dagoelako eskatu zuen biei zigorra jaisteko. Beren erabakiak «ondorioak» izango dituela ohartarazi zien epaileei, eta bi aukera dituztela: «Immobilismoan jarraitu» edo «prozesuari lagundu bide onean aurrera egin dezan».

Beste aldera ez begiratzeko eskatu zien, eta kontuan hartzekoez dela su-eten egoera baizik eta ETAk armak behin betiko uzteko erabakia hartu zuela. Hori kontuan hartuta, gogorregia iruditu zaio Jean-François Ricard fiskalak egindako 30 urteko espetxe eskaera: «Neurrigabea». Izan ere, eska zezakeen zigorrik handiena eskatu zuen, aurretik jarri zieten hogei urteko zigorra gogortzea galdeginez. «Diskurtso politiko atzerakoia» egitea egotzi zion Enparantzak fiskalari, «gatazkaren fase batean ainguratuta gelditu nahi duela dirudien diskurtsoa».

Antzak eta Iparragirrek ere hitz egin zuten atzo. ETAk armak utzi arren «alde batetik ez da ezer aldatu», esan zuen Antzak. «Euskal erresistentziaren kontra lege antiterroristak aplikatzen dira oraindik». Atxiloketak eta estradizioak gaitzetsi zituen.

Marixol Iparragirrek, berriz, esan zuen ETA ez dela «erakunde terrorista». Adierazi zuen ETA «sekula» ez dela izan «erakunde terrorista» bat, eta definizio hori Espainiako eta Frantziako estatuek arrazoi politikoengatik jarritakoa dela gaineratu zuen. «Ez gara terroristak, ez gara sekula izan terroristak».

Esandakoa argudiatzeko, Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiak esandakoa gogoratu zien epaileei Iparragirrek: zibilen aurka propio erasoak egiten dituena dela terrorista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.