Aldak apartamentu bat okupatu du Hendaian, konpentsazio legea urratzeagatik

Iruzurrezko kontratua egitea leporatzen dio jabeari. Gainera, jabeak etxebizitza turistiko gisa alokatu nahi du apartamentua, erabilpen baimenik gabe. Apartamentuaren mugagabeko okupazioa hasi dute.

ALDA mugimenduaren okupazioa, maiatzaren 20an, Hendaian. PATXI BELTZAIZ.
Alda mugimenduaren okupazioa, maiatzaren 20an, Hendaian. PATXI BELTZAIZ.
Xalbat Alzugaray
2025eko maiatzaren 20a
16:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Konpentsazio legea ez errespetatzeagatik eta iruzurrezko alokairu kontratu bat egiteagatik, Aldak 35 metro koadroko apartamentu bat okupatu du Hendaian (Lapurdi). Okupazio mugagabea abiatu dute Hendaiako Pont karrikan dagoen apartamentu ttipi batean. 10:30ean bertaratu dira Aldako 25 kide inguru apartamentuko atarira. Aldakoek «legalki» egun bateko alokatu dute etxea, eta jabeak kodeak eman ondotik lortu dute bertan sartzea. Eskailerak igan, atea ireki eta apartamentu ttipia jendez bete dute militanteek. Pankartak zabalduz, okupazioaren arrazoiak agerian eman nahi izan dituzte. «Konpentsazioaren urratzea: 100.000 euroko isuna» eta «Airbnb kanpora!» mezuak jarri dituzte etxeko terrazatxoan eta egongelan barna.

Apartamentuko egongela hertsi gelditu da prentsaurrekoa hasi dutenerako. Bi aldarrikapen nagusi izan dituzte hizpide. Gaelle Vincens bozeramaileak salatu du apartamentuko jabeek maizterrari, kontratu mugagabean dagoen langile bati, «legez kanpoko kontratu» bat sinarazi ziotela. «2024ko azaroaren 17an alokatua izan zen apartamentua, 4 urteko alabarekin bizi zen aita bati. Alokairu kontratua aurtengo maiatzaren 31n bukatu da». Sei hilabeteko kontratua izan denez orotara, mota horretako apartamentu batentzat —altzariak ditu— laburregia dela eta legez kanpokoa dela salatu du Vincesek.

Kontratua laburregia izateaz gain, salatu dute jabeak «gehiegizko baldintzak» eskatzen zizkiola alokatzaileari. Maizterrak etxebizitza bat atzemateko zailtasunak izan dituela erran du Vincesek, eta, nahiz «gehiegizko prezioa» izan, aterpetzeko «aterabiderik gabe» zegoen alokatzaileak kontratua onartu zuen. Gainera, zehaztu du jabeak jakinean zirela alokatzailea etxebizitza handiago baten bila zebilela aitak eta alabak logela bana izateko.

«Jabeek konpentsazio araudia urratzen dute, eta 100.000 euroko isuna ordaintzeko arriskua dute. Etxebizitza ez badute urte osoko alokairuan ematen, egun guziz metro koadro bakoitzeko mila euro pagatu beharko dute»GAELLE VINCENSAldako bozeramailea

Horrez gain, jabeek martxoan jakinarazi zioten maizterrari udako oporrak aitzin utzi behar zuela apartamentua, udan etxebizitza turistiko gisa alokatu nahi dutelako. Horrek jabeari bide ematen dio etxebizitza errenta handiagoan alokatzeko eta Airbnb-ren gisako plataformetan iragarkia emateko, nahiz legez kanpokoa den apartamentua udan alokatzea herriko etxeak ez badu baimenik eman etxebizitzaren erabilera aldatzeko. Horren ondorioz, aita eta alaba kanpin bateko kanpadenda batean bizi dira, Aldak agerian eman duenez.

Jabearen legez kanpoko praktika «guziengatik», Vincensek salatu du Euskal Hirigune Elkargoan indarrean den tentsio eremuko konpentsazio legea urratzen duela: «Jabeek konpentsazio araudia urratzen dute, eta 100.000 euroko isuna ordaintzeko arriskua dute. Etxebizitza ez badute urte osoko alokairuan ematen, egun guziz metro koadro bakoitzeko mila euro pagatu beharko dute».

Xabi Beaucoueste Alda mugimenduko eledunak, berriz, Euskal Elkargoko Erabilera Aldaketa sailari eta Iruzurrezko Alokairu Kontratuen sailari helarazi dizkio lege urraketak. «Euskal Elkargoari igorri dizkiogu jabeek egin arau urratze guziak, eta galdegin diegu araberako zigorrak plantan jartzea».

Iruzurra borrokatu

Aldak fermuki eskatu die jabeei udako alokairuan eman apartamentuaren iragarkiak «berehala» kentzeko eta etxebizitza «urte osoko alokairuan» emateko. Bertzalde, okupaziora joateko gomita egin dio herritar orori, iruzurraren «kontra» eta konpentsazio legearen aplikazioaren alde «elkarrekin» borrokatzeko. Konpentsazioa urratzen dutenen kontra «mobilizazioa, okupazioa eta zigorrak» behar direla erran du Beaucouestek. «Urte osorako etxebizitza defendatu dezagun. Etxebizitzak bizitzeko, ez espekulatzeko!»

«Urte osorako etxebizitza defendatu dezagun. Etxebizitzak bizitzeko, ez espekulatzeko!»XABI BEAUCOUESTEAldako eleduna

Bertzalde, Aldak deitoratu du Kotte Ezenarro Hendaiako auzapeza TF1 telebista katean agertu zela duela lau egun konpentsazio legearen kontra, baita etxebizitzen erabilpen aldaketaren kontra ere. Iritzi dio neurriek «kalte» egiten diotela tokiko merkataritzari. Iragarpen horri Aldak erantzun dio erranez tokiko merkataritza baino gehiago etxetik kanporatu aita eta alaba bizi diren kanpina aberastuko dela, etxebizitzaren auzia ez bada konpontzen.

Aldakoei agiri bidez erantzun die Ezenarrok. Etxebizitzatik kanpo diren aita eta alaba aterpetzeko epe laburreko aterabidea plantan emanen duela hitzeman du, Hendaiako GEUS Gizarte Ekintzarako Udal Zentroaren laguntzarekin. Bertzalde, ukatu du etxebizitzen erabilpena aldatzeko neurriaren kontra dela, baina izan dituen ondorio txarrak gaitzetsi ditu. Ondorioz, iradoki du konpentsazio legea ere aldatu behar litzatekeela. Bertzeak bertze, herri turistikoetan jabe bakoitzak bizitegi turistiko bat alokatzeko eskubidea ukan behar lukeela erran du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.