Aldak salgai den etxe bat okupatu du Bidarten, salmenten prezioak mugatzea eskatzeko

1,7 milioi euroan erosi zuten etxebizitza, 2021ean, eta 2,9 milioi euroan saldu nahi dute orain. «Itzulipurdi espekulatiboen» arazoa mahaigaineratu, eta soluzioak eskatu dituzte.

Okupatu duten etxebizitzaren egongelan mintzaldia antolatu dute Aldako kideek. GUILLAUME FAUVEAU
Okupatu duten etxebizitzaren egongelan mintzaldia antolatu dute Aldako kideek. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Bidarte
2025eko maiatzaren 12a
18:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza bat egin dute Alda mugimenduko kideek Bidarten (Lapurdi). Itsasbazterrean salgai dagoen etxe bat okupatu dute tarte batez, «itzulipurdi espekulatiboen» arazoa salatu eta egoerari aurre egiteko hainbat proposamen aurkezteko. Alokairuen prezioa mugatzen den gisa berean salmenten prezioa ere mugatu beharko litzatekeela esan dute. 

Etxe bat erosi eta epe laburrean askoz ere garestiago saltzea, hori da Aldak «itzulipurdi espekulatiboa» deitzen duena. Bidarteko etxebizitza 1,6 milioi euroan erosi zuten 2021ean, eta 2,9 milioi euroan salgai ezarri dute orain. «1,3 milioi euroko gainbalioa lau urtean, hori onartezina da», deitoratu du Noel Oillarburu Aldako kideak. Salmenta kudeatzen duen enpresarekin hitzordua jarria zuten herritar mugimenduko kideek, erosle gisa hura bisitatzeko asmoa zutela sinetsarazita. Atea ireki dietenean, hogei bat militante sartu dira etxera agentziako arduradunaren harridurarako. Proiektagailuarekin, pantailarekin eta bozgorailuarekin instalatu dira etxebizitzako egongelan, eta salmenta espekulatiboen gaia azaltzeko mintzaldi bat antolatu dute.

Gaur egun gaina hartua duen logika deitoratu dute: etxebizitza bat saltzean ezinbestean gainbalio bat eskuratu behar dela. Horri etekina ateratzen diotenak ere izendatu dituzte: notarioak, agentziak, baina baita tokiko erakundeak eta estatua ere, salmenta prezioaren arabera lortzen baitituzte irabaziak. «Etxebizitza merkatu osoan du eragina horrek: herritar xumeek ezin dute etxebizitzarik erosi, baina alokairuen prezioak ere puzten ditu, eta alokairu sozialean ere eragina du, gero eta zailagoa baita bizitegi sozialak eraikitzea», adierazi du Malika Peyraut Aldako kideak.

Fiskalitatean eragin

Aldaren iritziz, badira soluzioak. Alokairuen mugatzea erdietsi dute berriki, eta salmenta prezioen mugatzea ere posible dela aldarrikatu dute. Horretarako, indize bat jartzea proposatu dute, eraikuntza gastuan oinarrituko litzatekeena, salmenta batetik bestera prezioaren emendatzea neurrikoa izan dadin. Horrez gain, aurreko salmentaren prezioa jakinaraztea behartu nahiko lukete, erosleak bilakaeraren berri izan dezan. 

Baina fiskalitate arlokoak dira proposatu dituzten neurri gehienak, hala nola etxebizitzen salmentan izandako gainbalioa zergapetzea. Gaur egun, bigarren etxebizitzen kasuan baizik ez da hori egiten; Euskal Hirigune Elkargoak etxebizitza nagusietarako ere probatzea nahiko lukete. Bost urte baino gutxiagoko epean saltzen diren etxebizitzekin abiatzea proposatu dute, aspalditik jabe direnak ez zigortzeko. «Zerga horren bidez lortutako irabaziak bizitegi sozialak sustatzeko balia litezke».

Horrez gain, Aldak uste du tokiko erakundeek aukera izan beharko luketela gainbalioaren zati bat berreskuratzeko ere. «Anitzetan, kolektibitateek egindako inbertsioei esker lortzen dute gainbalioa etxebizitzek, inguruan eskola bat eraiki delako, garraio publikoa garatu delako, eta abar. Logikoa da inbertsio horrek eragindako gainbalioa instituzioek ere eskura dezaten».

«Irabazirik gabe, galduan»

Militanteekin haserretu da salmenta kudeatzen duen agentziako arduraduna, eta zenbaki okerrak dituztela erran du. Haren arabera, 1,7 milioi baino gehiagoan eskuratu zuten etxebizitza, eta, egin dituzten obrak eta finantza arloko gastuak kontuan hartuta, milioi bat euro baino gehiago gastatu dute. «Irabazirik gabe saltzen dugu, galduan», erran du Stanislas Romefortek. 

«Karitatea egiten duela sinetsarazi nahi digu, etxebizitzak arraberritzen dituen borondate oneko jendea dela», erantzun du Peyrautek umorez. «Egiaz, egitura biziki konplexua duten sozietateak daude salmenta hauen atzean. Ez lukete sekula dirurik galduko».

Poliziari dei egin dio Romefortek, baina, haiek iritsi direnerako, ekintza bukatu eta etxetik joanak ziren ekintzaileak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.