Gobernuaren dimisioa Frantzian. Ipar Euskal Herriko sozialistak

Aldaketa bai, baina barnetik

Dimisioak ez ditu harritu Alaux eta Capdevielle Ipar Euskal Herriko parlamentari sozialistak. Kritiko ageri dira sistemarekiko, baina lanaren bidez aldatu nahi dute.

Sylviane Allaux eta Colette Capdevielle sozialistak, preso gaixoen alde egindako elkarretaratze batean, Baionan. BOB EDME.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2014ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuaren dimisioak asaldura handia sortu du, baita Ipar Euskal Herrian ere. Sylvaine Alaux eta Colette Capdevielle Ipar Euskal Herriko diputatu sozialisten iritziz, ez da egokia izan Arnaud Montebourg ekonomia ministroak eta Benoit Hamon hezkuntza ministroak zer modu erabili duten Hollanden politika kritikatzeko, baina kritiko agertu dira gaur egun Frantzian gertatzen ari denarekin.

«Montebourgen elkarrizketa irakurri nuen, Le Monde egunkarian, eta banekien horrek ondorioak izanen zituela», erran du Sylvaine Alaux Pirinio Atlantikoetako 6. hautesbarrutiko parlamentari sozialistak. «Funtsean, ados nago Montebourg eta Hamonek diotenarekin, eta askok hori pentsatzen dugu», aitortu du, baina «itsasontzia fiteegi utzi» dutela iruditzen zaio, «kanpotik» ezin direla egin aldaketak. Colette Capdevielle 5. hautesbarrutiko parlamentariak, aldiz, ez du iruzkinik egin nahi izan bi ministroen adierazpenen inguruan: «Ez naiz ez gobernuaren aurkakoa, ez jarraitzailea; parlamentari gisa, arduratsua naiz». Halere, hark ere erran du ez dela sorpresa bat izan, «krisi bat dagoenean nonbaitetik atera behar baita». Capdeviellen ustez, gertatutakoa «Frantziako jendartearen isla» izan da, eta sistemaren hutsuneak azaleratzeko baliatu zuen atzo arratsaldean Baionan emandako prentsaurrekoa. Haren hitzetan, «bosgarren errepublikaren bukaeraren bukaera» da.

Sistema zalantzan

Montebourg eta Hamonek erabilitako bidea egokiena ez iruditu arren, Frantziako Gobernuak bi urte hauetan egindakoa baloratzean ez dira pozik agertu Alaux eta Capdevielle. «Dolu dut botere betearazleak parlamentariok ez gehiago entzun izana bi urte hauetan, gure lurraldean zer gertatzen ari zen kontatzerakoan», erran du Capdeviellek. Haratago joanez, adierazi du Frantzia sobera «jakobinoa, presidentziala, eta zentralizatua» dela, etagehitu«erreformatzen zaila den herrialde bat» dela: «Estatua krisian dago, eta zaila da gobernu batentzat hori aldatzea. 1958ko konstituzioko instituzioak ez datoz bat demokrazia garaikide batekin». Alauxek ez du aipatu konstituzioaren aldaketarik, baina entzuna ez izatea kritikatu du hark ere: «Errepublika gorra da gure borrokekiko».

Lurralde erreformaren inguruan ere eman dute iritzia. Alauxeren arabera, «izen hori erabili gabe, baina birzentralizazio bat gertatzen ari da». Capdeviellek ere aipatu du gaia, eta deszentralizazioaren alde agertu da. «Parisen erabakitzen da guzia: lurraldeak beti Parisetik ikusiak dira, ez lurraldetik beretik». Duela hilabete eskas François Hollande lehendakaria lurraldeez gehiago interesatzen hasi dela aitortu du, baina beranduegi egin duela hori: «Hasieratik egin behar zen,bai lurralde arloan, bai hezkuntzan, eta bai bake prozesuaren gaiari dagokionean ere».

Autokritika eginez, «egiaren diskurtso» baten falta ere ikusten du Capdeviellek arazoaren iturrien artean: «Uste dut frantses herritarrei gauza batzuk azaldu egin behar zaizkiela, egoera hobeto uler dezaten». Izan ere, Europak utzitako «tarte estuan»mugitzen zaila dela adierazi du, eta hori herritarrei argi adierazi beharko litzaiekeela gaineratu.

Dena den, biek adierazi dute aldaketa lanaren bitartez lortu behar dela, eta ez komunikabideen aurrean. Alauxek zalantza du bi ministroek erabilitako moduaren eraginkortasunaz: «Gobernuaren autismo horrekiko batzuetan tentazioa izan nezake nik ere uzteko, baina zertarako balio luke?». Eta segidan erantzun: «Ezertarako ez. Guduak anitzez eraginkorragoak dira barnetik egiten direnean».

Horrekin bat egiten du Capdeviellek, eta diputatu anitzek egiten duten lana gehiago baloratu beharko litzatekeela erran du. Bertzeak bertze, nazioarteko politikan egindako lana eta aitzina eramandako erreformez harro agertu da: gardentasun legea, enpresei emandako laguntzak, eta justizia, berdintasuna eta etxebizitzaren arloan egindako lana aipatu ditu. «Pena ematen dit bi urte hauetan egindako lana ikusezin gelditzeak: hainbeste lan egin duen jendea ez da kontuan hartzen», adierazi du.

Batzuetan gehiegi eskatzen dela erran du Capdeviellek: «Aldi berean gehiengoan izan nahi dugu, eta gehiengo hori kritikatu, gehiengo horretan jarraituz». Aldaketak egin eta haien ondorioak ikusteko denbora behar dela gaineratu du: «Ondorioak espero ditugu lege bat bozkatua izan baino lehen. Hori zailtasun bat da ardura beren gain hartzen dutenentzat». Ildo berean, Vallsen politika «autoritate ekintza» gisa ezaugarritu du, eta aitortu du ez dagoela «ez Vallsen oposizioan, ez haren aurkako borrokan».

«Lortu edo huts egin»

Gaur osatuko den gobernu berriaz ezer ez zekitela adierazi zuten atzo bi diputatuek. «Espero dut gobernu berria hertsia, ausarta, ofentsiboa eta koherentea izanen dela, lurraldeko eskakizunei kasu eginen diena», azaldu du Capdeviellek. Bestalde, gaineratu du gobernu berriak ez lukeela beldurrik izan behar «egiturazko erreformak egiteko». Horien artean dira, Capdeviellen ustez, «lurralde erreforma, eta zerga sistemarena». Parlamentuari «maniobra gaitasun» gehiago utziko dion gobernu bat osatzeko ere eskatu du.

Bi aukera bertzerik ez daude Capdeviellen iritziz: «Edo lortu egiten du, edo huts egiten du». Bietarako probabilitate bera dago haren arabera, «50 eta 50», eta ez du ukatu gaizki aterako balitz parlamentua desegin eta berriro hauteskundeak deitzeko aukera egonen litzatekeela. Hala ere, optimista agertu da, eta espero du Vallsek «bide orri argi, zintzo, zehatz eta koherente» bat izatea, «metodologia eta egutegi batekin; eztabaidara irekia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.