Aldaketa garaia da, leku eta arlo askotatik begiratuta. Krisialdi ekonomikoa ari da eragiten aldaketa politikoak ere, bai Europan, bai Espainiako Estatuaren barruan. Euskal Herrian, berriz, normalizazio politikoaren gaia gehitu behar zaio horri guztiari, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian. «Trantsizio garaian» gaudela dio Xabier Barandiaran Deustuko Unibertsitateko irakasleak, eta «agenda ezkutuez» ere hitz egin du Mario Zubiaga EHUkoak. Eztabaida mamitsua izan zuten biek, atzo, Pello Urzelai kazetariak zuzenduta BERRIAk egindako subiranotasunari buruzko mahai inguruan: kanpainako jarreretatik hasita, subiranotasunean aurrera egiteko estrategietaraino.
Normalizazio prozesua dago jokoan urriaren 21eko hauteskundeetan, Zubiagaren iritziz. Izan ere, benetako ordezkaritza politikoa izango da Eusko Legebiltzar berrian, eta horrek eragina du subiranotasunaz aritzeko orduan ere: «Jarrera lausoa, moderatua nabari daiteke. Programetan, adibidez, oso gutxi agertzen da independentzia hitza». Zubiagak dio hauteskundeen ondoren arazo politikoei «normaltasunez» heltzeko beharrak eragin duela alderdien arteko jarrera hori, nahiz eta Kataluniako Diadak eta haren ondorenek zenbait jokabide egokitzea ekarri duten. Barandiaranek dioenez, ezker abertzalea erakundeetan sartu izanaz gain, egoera ekonomikoa izan da kanpainan gehien eragin duen gaia, «espazio publikoa bere osotasunean okupatu duena».
Kataluniako egoerak eta Eskozian independentziari buruzko galdeketa adostu izanak ere izan dute eraginik alderdien jokabideetan. Zubiagaren ustez, EAJri ez dio mesederik egin horrek, «orain ez da tokatzen» esan behar izan baitu. Barandiaranek dio ez diela kalte berezirik egin alderdi abertzaleei, ezta EAJri ere. EH Bildu, berriz, saiatu da egoeran «surf egiten», baina ez du gaian askorik sakondu, Zubiagak dioenez. Biak ados daude, dena den, egoerak mesede gehien PPri egin diola, «independentziaren mamua» bere mesedetan erabiltzeko.
Aldaketetara egokitzen
Alderdi abertzaleei begira jarrita, Zubiagak azaldu du «iraganeko planteamenduarekin» aurkeztu dela EAJ hauteskundeetara, esperientzian oinarrituta: «Ongizatearen autonomismoa da EAJrena, orain dela hogei urtekoa». EH Bildurena, aldiz, «etorkizuneko programa» dela dio: «Burujabe izango bagina... esaten du. Baina inork ez du egin orainaldiko programarik».
Dena den, hauteskundeetatik haratago «agenda ezkutu bat» badagoela uste du Zubiagak, eta ez arlo sozioekonomikoan bakarrik: «Epe motzeko pausoei buruz inork ez du ezer esan. Adostasun batzuk badaude, Loiolako zirriborroa kasu, eta horiei heldu beharko zaie». Barandiaranen ustez, ez da egokiena «agenda ezkutu bat» dagoela esatea; haren ustez, «aldaketa garaia» da egoerari ondoen egokitzen zaion esamoldea. Besteak beste, mundua bera aldatzen ari dela aipatu du, eta datozen urteetako egiturek zerikusi gutxi izango dutela 1978an eta 1979an planteatu zirenekin. «Nola erakundetu erabakitze eskubidea? Inork ez daki», esan du, eta gaineratu du ezker abertzaleak independentzia aldarrikatu arren inork ez dakiela ziur nola lortu hori.
Zubiaga ere jakitun da aldaketez; Europaren federalizazio prozesuaz ari da: «Zein elementuren gainean egingo da birzentralizazio hori?», galdetu, eta erantsi du Kataluniak eta Euskal Herriak rol garrantzitsua joka dezaketela prozesu horietan, Europan, eta, nola ez, Espainian. Dena den, Zubiagak ere onartu du ez dagoela jakiterik zein izango den erabakitze eskubidea bermatzeko metodologiarik egokiena, indar harremanen araberakoa izango baita hori: «Baina bai filosofia orokorra: aldebakarrekoa edo aldebikoa. Hori adosteko premia dago, EH Bilduren eta EAJren artean».
Estrategia bateraturantz
Hain zuzen, badirudi zalantza nagusia dela estrategia aldebakarrekoa edo aldebikoa proposatuko den Espainiatik espero den erantzunaren ondorioz. EAEko indarren arteko akordio zabala lortuta, eta Eusko Legebiltzarraren babesarekin, Espainiarekin ados jartzea da EAJren proposamena. Hala, erabakitze eskubidea Espainiako legedian txertatzeko. «Adostasuna eskuratzen saiatu behar da; aldebakartasunak azken aukera izan behar du», azaldu du Barandiaranek. Zubiagaren iritziz, ordea, «denbora galtzea» da erabakitze eskubidea Espainian txertatzen saiatzea, eta atzerapausotzat du EAJren proposamena Ibarretxe planarekiko: «Egin dezagun guk aurrera adostasunean; jakinik, beti egongo direla gehiengoak eta gutxiengoak». Loiolako zirriborroa, Nafarroarekiko harremana eta Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarako lurralde elkargo berria aipatu ditu aurrera egiteko gakoen artean.
Barandiaranek dio bide horretan abertzaleak ezin direla borrokan hasi euren arteko hegemoniagatik. Zubiagak, berriz, iraganaren kontakizun bateratua lortu behar dutela EAJk eta EH Bilduk, «bien estrategiek —instituzionalak zein politiko-militarrak— ekarri gaituzte hona» esan ahal izateko.
Adostasuna lortzeko, ordea, bestelako zailtasun bat ere izan litekeela aurreikusten dute: eredu sozioekonomikoari dagokiona. «Sistema osotasunean aldatzea planteatzen bada, batu baino zatitu egiten da», dio Barandiaranek. Trantsizio garaia politikoa ez ezik sozioekonomikoa ere badela gogoratu du Zubiagak. «Euskal Herriak eredu berriak eskain ditzake Europan. Hor badago zer adostu, EAJren sektore batekin behintzat», esan du, bertako berezitasunak aintzat harturik: kooperatibak, besteak beste. Aurrera begira jarrita, baikor dira biak, nahiz denbora beharko dela dioen Barandiaranek. «Akatsa litzateke Europan sortu den olatua ez hartzea», bukatu du Zubiagak.
Mahai inguru hau ikusi nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.berria.info
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Mahai ingurua
Aldaketa garaian, subiranotasun estrategia adostu baten beharra
Independentziarako bidean dauden aukerak aztertu dituzte Zubiagak eta Barandiaranek, hauteskunde kanpaina abiapuntu hartutaBiek diote Euskal Herritik abiatu behar dela prozesua; ondorengoa da argitzeko dagoena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu