Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

Aldaketa «martxan» dela berretsi dute Geroa Baik eta EH Bilduk

Programari buruzko akordioa lortzea «betebehartzat» jo du Uxue Barkosek.Adolfo Araizek koalizio gobernu baten alde egin du, eta parte hartzeko prest agertu da.Geroa Baik PSN nahi du prozesuan

EH Bilduko eta Geroa Baiko kideak, atzo, Nafarroako Parlamentuan egindako bilera hasi baino lehen, elkar agurtzen. JESUS DIGES / EFE.
Edurne Elizondo. Joxerra Senar
Iruñea
2015eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
«Aldaketa martxan da», batek. «Aldaketa aurrera doa», bertzeak. Geroa Baik bilera egin zuen atzo EH Bildurekin, Nafarroako Gobernua osatzeko elkarrizketen harira, eta bukaeran mezu nagusi bera nabarmendu zuten bi koalizioetako zerrendaburuek: aldaketa martxan dela erran zuen EH Bilduko Adolfo Araizek, eta Nafarroako hurrengo presidentea Uxue Barkos izanen dela erantsi zuen. «Hari dagokio prozesua koordinatzea eta gidatzea». Kontent atera zen Araiz bileratik, eta kontent zen, halaber, Geroa Baiko zerrendaburua: «Aldaketa aurrera doa. Programari buruzko akordioa lortzeko baldintzak badaude. Hori da abiapuntua», erran zuen Barkosek.

Hurrengo urratsa izanen da, hain zuzen, Nafarroako hurrengo gobernuak ardatz izanen duen programaren inguruko akordioa lortzea. Horixe nabarmendu zuen Barkosek, atzoko bilera amaitu eta gero. Geroa Bairen programa izanen da abiapuntua. «Guk lortu dugu aldaketa nahi dutenen artean boto gehien». Geroa Bai bertze taldeen proposamenen zain da orain. «Taldeek beren lehentasunak ezarri beharko dituzte; guk jasoko ditugu».

Bertze bilera erronda bati ekinen diote, orduan, taldeek proposamen eta lehentasun guztiak mahai gainean jartzen dituztenean. Hurrengo astean hasiko dira lan horrekin, ziurrenik, Barkosen hitzetan. Alde biko bilerak egiteko aukera aipatu zuen, baina ez zuen bazter utzi bertzelako formulak erabiltzekoa. «Gauden bostak elkartzeko aukera hor dago».

Geroa Bairekin, EH Bildurekin, Podemos Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin batera, PSN da Barkosek aipatutako bosgarrena. Alderdi horrek gobernua osatzeko prozesuan bete beharko lukeen rolari buruz, aurretik azaldutako iritzi ezberdinak agerian gelditu ziren, atzo ere, Geroa Bairen eta EH Bilduren artean. «PSNk aldaketan parte hartuko duen esperantza du Geroa Baik; guk ez dugu, eta ez dugu nahi ere», laburbildu zuen Adolfo Araizek.

Bi koalizioek argi utzi zuten, hala ere, ez dutela sozialisten beharrik aldaketa lortzeko. «PSN ez da funtsezkoa aldaketa gerta dadin, eta hori da benetan historikoa egungo egoeran», erran zuen Araizek. Barkosek ere nabarmendu zuen PSN gabe, 26 parlamentarirekin, aldaketarako aukera mahai gainean dagoela. 33 batu nahi ditu, hala ere. «Gure helburua hori da», erran zuen.

Barkosek argi du lehen urratsa dela «gutxieneko akordio sendo bat» lortzea, aldaketaren aldeko taldeen artean. Bildurekin ados jartzea «erabat egingarria» dela erantsi zuen atzo. Are gehiago, aldaketaren aldeko akordioa «betebehartzat» jo zuen Geroa Baiko zerrendaburuak: «Pobrezia arazo larria da Nafarroan. Urgentziazko hainbat auzi badira. Uste dut gure eta EH Bilduren lehentasunek bat egiten dutela pobreziaren, osasunaren eta hezkuntzaren gisako gaietan», azaldu zuen. Araizek lehentasunezko kontuak eta kontu garrantzitsuak bereizten jakiteko garaia dela erran zuen atzo. Gaineratu zuen Geroa Baik aurretiko baldintzarik ez diola ezarri EH Bilduri.

Programari buruzko akordioarekin batera, akordio horri forma emanen dion gobernu mota ere eztabaidagai izan zuten Geroa Baik eta EH Bilduk, atzoko bileran. Adolfo Araizek egin zuen bere apustua: «Gure ustez, koalizio gobernua da formularik egokiena; gu prest gaude aldaketaren gobernuko kide izateko», erran zuen EH Bilduko zerrendaburuak. Erantsi zuen programari buruzko akordioan zehaztu beharko dituztela aldaketarako gobernuaren oinarriak.

Barkosek ez zuen hainbertze zehaztu. «Aukera guztiak mahai gainean daude», erran zuen. «Aldaketarako gobernua da helburua; ikusiko dugu zer forma hartzen duen», gaineratu zuen Geroa Baikoak. Edozein modutan, osatuko den gobernuak haren alde eginen duten talde guztiak gogobete beharko dituela erran zuen Barkosek, eta onena izan beharko duela Nafarroako gizartearentzat.

Aldaketa gauzatuko duen gobernua helburu, lanean jarraitzeko beharra eta konpromisoa berretsi dute Geroa Baik eta eta EH Bilduk. Eperik ez dute zehaztu, baina garrantzitsutzat jo zuten akordioak «ahalik eta azkarren» lotzea. «Gauzak azkar egin behar ditugu, baina arin jokatu gabe», zehaztu zuen Barkosek.

UPN ez da bilduko

UPNk uko egin dio Geroa Bairen eskaintzari. Ordezkaritza lortu duten alderdi guztiekin batzartu nahi zuen Geroa Baik, baina atzo arratsaldean Jose Javier Esparza UPNko zerrendaburuak erantzun zuen ez direla joango. «UPNk ez du antzerkitxo horretan parte hartuko, orain dela denbora asko egindako aliantza bat arrazoitzeko itxurakeria baino ez delako», arrazoitu zuen Esparzak. Haserre agertu zen gainerako alderdiek UPN «lehen indar moduan» ez dutelako errespetatuko, baina ez zuen azaldu zergatik ez den UPN beste inorekin itunik egiteko gai.

Hilaren 24tik ez du tonua aldatu. Esparzaren arabera, EH Bildurekin ituna egitea «moralaren aurkakoa» da, «terrorismoa ez dutelako gaitzesten eta biktimei ez dietelako barkamenik eskatu». Aurreratu zuen lau alderdien arteko gobernu batek «ezegonkortasun instituzionala» ekarriko duela Nafarroara. «Ulertzeko zaila da EAJk Nafarroan EH Bilduri eskua luzatzea, nahiz eta Euskadin elkarren artean lehia bizia izan». EH Bilduren «menpeko» izatea egotzi zion Barkosi.

Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiarentzat ere izan zuen hitzik. Haren esanetan, «espainiarrei azaldu beharko die zergatik ahalbidetzen duen Nafarroan Bilduk esku hartutako gobernu bat». Terrorismoa gaitzesten ez dutenekin itunik ez duela egingo esan zuenez, «hitza betetzeko» eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.