Aldaketa txiki(ta)tik has daitekeelako

Helduen hizkuntza ohituretan eragiteko ariketa sozial bat da Euskaraldia; aurten, ordea, rol bat sortu dute 16 urte baino gutxiago dituztenentzat ere: «xaxatzaileak» izango dira. Zenbait eskolatan gaia lantzen ari dira.

Botikazar institutuko ikasle batzuk Botikaldiko kartelekin, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Botikazar institutuko ikasle batzuk Botikaldiko kartelekin, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Haurtzaroa —eta batez ere nerabezaroa— hizkuntza ohiturak finkatzeko sasoi nagusietako bat izan ohi da, inertzia batzuk sortzekoa. Eta gehien-gehienetan hizkuntza hegemonikoa ateratzen da garaile: gaztelera edo frantsesa. Alta, aldi berean, kontzientzia pizteko probestu daiteke, momentuan ez bada etorkizunean euskaraz aritu daitezen. Euskaraldia horretarako aprobetxatzen ari dira zenbait eskolatan, eta Euskaraldiak ere beren-beregi sortu du figura bat 16 urte baino gutxiago dituztenentzat: «xaxatzaileak» izan daitezke.

Hutsune batetik abiatu dira Bilboko Botikazar institutuan. «Hemen gazteek ez dute euskara asko erabiltzen», aitortu du Nerea Mallonak, ikastetxeko normalizazio arduradunak. Ikasturte hasieran, Kike Amonarriz soziolinguista joan zitzaien hitzaldi bat ematera, eta hausnartzen hasi ziren: «Esan genuen: ‘Agian, jendeak gogoa dauka euskaraz egiteko, baina ez du egiten zerbaitengatik’». Galdetzea erabaki zuten; ia bostehun ikasle dituzte, eta horietatik 389k erantzun zuten. Ondorioa zera da: «Horietatik %52,2k inertziagatik edo ohituragatik ez zuten egiten euskaraz; beste batzuek, ingurukoen jarreragatik, eta beste batzuek, lotsatzen zirelako».

«Borondatea egon den taldetxoetan, [Botikaldian] hasi dira elkarren artean euskaraz egiten»

NEREA MALLONABotikazar institutuko normalizazio arduraduna

Mugitzea erabaki zuten, elkarrekin egitea. Botikazarrek badu euskara batzorde bat, eta ikasleek ere parte hartzen dute. Naia Martin da horietako bat. Ikaskideen artean nabaritu zuen bazegoela ekiteko gogoa: «Nabaritzen nuen inguruko batzuk, kuadrilla jakin batzuk, askotan saiatzen zirela euskaraz egiteko ohitura hartzen edo hitz batzuk euskaraz egiten behintzat». Baina bultzada bat behar zuten: «Azkenean, beti bueltatzen ziren gaztelerara». Euskaraldia aprobetxatu nahi zuten, baina, maiatzaren 15etik 25era jada oporretan egongo direnez —Batxilergoa soilik eskaintzen dute ikastetxean—, egokitzea erabaki zuten, eta Botikaldia egitea maiatzaren 5etik 13ra: «Botikabizi eta botikaprest sortu genituen, ahobizi eta belarriprest modukoak. Bakoitzak bere rola aukeratu du». Propio txapak prestatu zituzten, eta nahi zuen ikasle orok izan du parte hartzeko aukera, Mallonak azaldu duenez: «Borondatezkoa izan da, benetan konpromisoa hartzeko maiatzaren 5etik 13ra hizkuntza ohiturak aldatzeko». 

Hizkuntza ohiturak ez dira egun batetik bestera aldatzen; ez da prozesu erraza. Alabaina, hala Mallonak nola Martinek ikusi dute mugimendua. Martin: «Nik aldaketa handirik ez, baina txiki bat nabaritu dut. Uste dut gauza hauek lanketa handia behar dutela eta ezin dela dena egun batetik bestera lortu, baina nabaritu dut orain jende gehiagok egiten duela euskaraz ikasturte hasieran baino, eta aldaketa are nabarmenagoa izan da iaztik ikasturte honetara, batez ere bigarren mailakoen artean». Antzera mintzo da Mallona: «Hainbat ikasgelatatik pasatu naizenez, nabaritu dut borondatea egon den taldetxoetan hasi direla elkarren artean euskaraz egiten; ikasturte hasieran, ez nuen nabaritu».

«Aldaketa handirik ez, baina txiki bat nabaritu dut. Uste dut gauza hauek lanketa handia behar dutela»

 NAIA MARTINBotikazar institutuko ikaslea

Eta hori guztia ospatzeko, jai bat egin dute amaieran: dantza txapelketa, sari banaketak... Mallona: «Zoragarria izan da». Gainera, ikasleek 16 urte baino gehiago dituztenez, zenbait Euskaraldian ere parte hartzen ari dira, Martinen esanetan: «Nik izena eman dut; beste ordezkari bat eta biok ikasgelaz ikasgela joan ginen, eta aipatu genuen Euskaraldia 15etik 25era dela». 

Gazteenak, «xaxatzaile»

Euskaraldian izena emateko 16 urte baino gehiago eduki behar diren arren, antolatzaileek gazteagoei ere erreparatu diete: «xaxatzaile» izatea nahi dute. Horren premia ikusten zuen Andoaingo Aita Larramendi ikastolako (Gipuzkoa) euskara arduradun Garazi Kamiok: «16 urtetik beherakoek zer egin zezaketen zehaztearen falta sumatzen genuen, helduen ariketa sozial gisa ikusten genuen eta. Orduan, lehen Euskaraldian, katebegi izeneko figura sortu genuen, eta txapak egin». Aurten, pozarren hartu dute xaxatzaile izateko proposamena. 

«Adituek beti diote tantaka egin beharreko lana dela; Euskaraldia kontzientziatzeko beste tanta bat da»

GARAZI KAMIOAndoaingo ikastolako euskara arduraduna

Ikastolak Haur Hezkuntzatik Batxilergora bitarteko ikasleak hartzen ditu, eta bakoitzaren adinera egokitutako ekintzak antolatu dituzte. Kamio bera, esaterako, 12 urteko gaztetxoekin aritzen da: «Garai honetan, gaztelaniarako joera hasten da, hizkuntza hautuak aldatu egiten dira, eta euskararekiko atxikimendua mantentzeko bide bat iruditzen zaigu». Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, halaber, hamabi gela dituzte, eta hamaikakoa osatu beharrean, hamabikoa egin dute. Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako umeei, berriz, Argitxok euskararen inguruko bitxikeriak kontaktuko dizkie egunero. Horrela, kontzientzia sustatzea dute xede, ikasleek euskararen aldeko hautua egitea. Alabaina, Kamiok argi du Euskaraldiaren garaian bakarrik ez baizik eta urte osoan eta urteetan egin beharreko lana dela: «Adituek beti diote tantaka egin beharreko lana dela; Euskaraldia, azkenean, kontzientziatzeko beste tanta bat da, eta, azkenean, espero dugu tanta hori zaparrada bihurtzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.