ALDAKETAN ETENGABE

2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abortuaren legea aldatzeko, bide gorabeheratsua egin du PPk. Hona egindako atzera-aurrera nagusiak:

Gallardonen legea. Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroaren esku geratu zen abortuaren legea aldatzeko proiektua egitea. 1985eko legea baino atzerago jo zuen. Besteak beste, proposatu zuen epeen sistemaren ordez baldintzena jartzea —andrearen osasuna arriskuan denean edo bortxaketetan soilik abortatu ahal izatea, epe zehatzetan—, eta malformazioak abortatzeko aski motibo ez izatea. PPren barruan ere aurka agertu ziren agintari batzuk, eta Rajoyk atzera egin zuen. Gallardonek dimisioa eman zuen.

Adingabeen debekua. Ikuspegia aldatu zuen gobernuak, ikusirik arazo bihurtzen ari zitzaiola abortuaren gaia. Europako Parlamenturako bozen ondoren iritsi zen Rajoyren erabakia. Lege berria egitea baztertuta —hiru urtez proiektua prestatzen aritu eta gero—, oraingo legean aldaketa bat egitea proposatu zuen: 16-17 urteko emakumeei abortatzea galaraztea, baldin eta gurasoek baimenik ez badiete ematen. Oraingo legeak ematen die horretarako aukera adingabeei, gurasoei jakinarazteak arriskua eragin badiezaieke. Justizia Ministeriotik Osasun Ministeriora pasatu zen gaia, eta han ere aldaketak izan ziren: Ana Mato ministroak kargua utzi zuen, eta Alfonso Alonso gasteiztarrak hartu zuen ardura.

Atzerakoiei keinua. Protestaren norabidea aldatu egin zen Rajoyren proiektu berriarekin. Sektore atzerakoiak presio egiten hasi ziren gobernuari, adingabeei buruzko aldaketa ezdeusa delakoan; PPren boto emaileei «traizio» egitea leporatu zieten. PPren barruan ere haustura gertatu da; pisuzko agintari batzuk izan dira abortuaren aurkako taldeek antolatutako manifestazioetan, eta diputatu batzuek ohar egin diote PPko buruzagitzari, ez dutela babestuko aldaketa hori soilik egitea. Zatiketa gehiagora joan zitekeelakoan, aldaketa batzuk egitea eskaini die PPko buruzagitzak desados dauden diputatuei; abortua eskubidetzat ez jotzea, adibidez. Aldaketa horrek, hala ere, ez du bermatuko adostasunik PPn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.